«Ikerketa hau oinarri egokia iruditzen zaigu lanean hasteko»

Kronika - Erredakzioa 2005ko uzt. 2a, 03:00

PERCO ikerketa Eusko Jaurlaritzako Merkataritzarako Asistentzia Teknikoko Gabinetetik (GATC) dator. Bere garaian Berriak elkarteak Udalari eskatu zion gabinetearekin harremanetan jartzeko, ikerketa hau Hernanin egin ahal izateko. Ikerketa hau egitea posible izan da beraz Udala, Berriak elkartea eta GATCak duela urte eta erdi merkataritza mahaia sortu zutelako eta lanean hasi zirelako. Berriak elkarteko kideei galdetu nahi izan diegu elkarlan honek eta PERCOak orain arte eman duenaz. Ze balorazio egiten duzue PERCO ikerketak egindako proposamenetaz? Ikerketa hau oso konpletoa iruditu zaigu, eremu guztiak ukitzen baititu: hirigintza, merkataritza, aisialdia eta kultura... Oinarri egokia iruditzen zaigu lanean hasteko, oinarri haundiko ikerketa da eta urbanismo ofizial batek bultzatu duenez legitimitate haundia du. PERCOan agertzen diren proposamen batzuk buruan genituen eta orain ikerketa honek jasotzen ditu. Horrek proposamenak aurrera ateratzeko beste idar bat ematen du. Herriko merkataritza bultzatzeko zeinek inplikatu behar du zuen ustez, eta nola? Merkataritza mahai bat osatu behar da, edo behintzat osatu genuen horrek serio lanean hasi behar du. Orain arte Berriak elkartea, Udala eta GATCko teknikari bat ibili gara baina komertzio gehiagok inplikatu behar lukete, gure ustez. Beste enpresa haundiagoak, beste merkatarien elkarteak parte hartzea egokia iruditzen zaigu, haien ekarpenak baliagarriak izan daitezkeelako. Udaletxeak ikerketa honetan planteatzen diren proposamenak kontutan hartu beharko lituzke, hirigintza aldetik planteatzen direnak esaten baterako. Ikerketa honek hirigintzari eta herri egiturari garrantzi haundia ematen dio. Antolaketa horrek merkataritza suspertzen lagundu dezakeela uste duzue? Hirigintza oso garrantzitsua da merkataritzarako. Adibide bat jartzeagatik, Kale Nagusiak komertzio oso atseginak ditu eta paseatzeko egokiagoa da, eta horren ondorioz jende gehiago ibiltzen da bertan. Kardaberaz kaleak itsura aldaketa behar du, jendea bertara erakartzeko. Hiri haundietara bagoaz, bertan gune peatonaletan daude denda eta marka garrantzitsuenak eta horrek zerbait adierazten du. Argi dagoena da ezin gaitezkeela hirigintzara mugatu, horrekin batera merkatariek beren lana egin behar dute beren negozioetan. Hernaniko merkatariek nola ikusten dute herriko merkataritzaren egoera? Komentarioak nahiko ezkorrak dira, batez ere Kardaberaz kaleko merkatarietan. Plaza Berritik behera, gainera, egoera are okerragoa da. Gero eta negozioa gehiago ixten da eta ireki gero eta gutxiago. Krisian gaude baina agian egoera honek gauzak berriro ere planteatzera garamazki. Ikerketa honek zein bide hartu behar dugun, pista batzuk eman ditzake. Orain lana egin beharra dago.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!