Merkataritza indarberritzeko proposamenak bildu ditu PERCO ikerketaren bigarren zatiak

Kronika - Erredakzioa 2005ko uzt. 2a, 03:00

Eusko Jaurlaritzako Asistentzia Teknikorako Gabinetetik dator ikerketa. Merkataritza indarberritzeko bidean proposamenak biltzen ditu azpiegiturak, hirigintza, herriko eskaintza komertzial eta soziokulturala hobetzeko.

Perco ikerketaren bigarren zatia aurkeztu dute duela gutxi. PERCO ikerketa merkataritza indarberritzeko plana da eta Eusko Jaurlaritzako Merkataritzarako Asistentzia Teknikorako Gabinetetik dator. Ikerketaren aurreneko zatian Hernani eta merkataritzari buruzko diagnosia egin zuten eta orain aurkeztu duten zati honetan herriko merkataritza biziberritzeko proposamen zehatzagoak egin dituzte. Landu beharreko 7 eremu Azterketa hau oinarrizko helburu batzuetatik abiatu da eta landu beharreko hainbat eremu izendatzen ditu, herriko merkataritza sustatze aldera. Guztira landu beharreko 7 eremu izango lirateke: 1) Herriko antolaketa urbanistiko eta komertziala hobetzea. 2) Merkatal eskaintza hobetzea eta haunditzea. 3) Herriko bizitza soziokomertziala dinamizatzea. 4) Merkatariak hezi eta profesionalizatzea. 5) Merkatarien parte hartzea bultzatzea. 6) Aisialdirako eskaintza gehitzea. 7) Eragileak sentsiblizatzea eta inplikatzea PERCO azterketa Hernanin gestionatzeko. Antolaketa urbanistikoa Landu beharreko eremua zehaztuta, horiek gauzatu ahal izateko 55 ekintza zehatz planteatzen ditu PERCO ikerketak. Proposamen gehienak Kaxkoa eta inguruko kaleetara daude bideratuta, ikerketa honen ustez gune hori baita herriko merkataritza gune garrantzitsuena. Herriko antolaketa urbanistikoa hobetzeko helburua duten proposamenen artean dago batetik, Zinkoeneako errotonda reorganizatzea: helburua du oinezkoek Kaxkorako sarrera erosoagoa izatea eta zirkulazio aldetik herriko hainbat gune konfliktibo arintzea. Zinkoenea berriro antolatzea gaur egun martxan dagoen obra da, baina PERCOak hainbat aldaketa eta bariante proposatzen ditu. Norabide honetan doazen beste hainbat proposamen dira: Elkano-Txirrita eta Urbieta kaleko bidegurutzea konfliktiboa dela eta bide hori antolatzeko proposamenak; eta berdin Sandiusterri-Izpizua-Elkano kaleek bat egiten duten bidegurutzean. Aparkamenduari dagokionean, PERCOak dio Txantxilla dela Hernanin dagoen aparkamendu gune garrantzitsuenetarikoa. Bertan etxeak eraikiko dituzte eta azterketa honek hainbat aldaketa proposatzen ditu ahalik eta aparkamendu libre gehien mantentzeko helburuarekin. Oinezkoak herrian erosoago ibiltzeko proposamenen artean daude: Urbieta kale osoa peatonalizatzea, apeaderotik Atzieta kalera igogailu bat jartzea, Zinkoeneatik Antziola eta Latsunbe aldera doan bidean espaloiak zabaltzea, eta Udaletxe eta Tiloseta atzekaldean espaloia jartzea, besteak beste. Gune publikoak txukuntzeko beharraz ere hitz egiten du ikerketak. Izpizua kaletik Tilosetarako sarrera hobetzea eta Tilosetan hainbat hobekuntza egitea komeni dela dio: haurrentzako jolas gunea jarri, kioskoa hobetu, besteak beste. Plaza Berrin ere antzeko aldaketak planteatzen dira. Eskaintza soziokultural eta komertziala hobetu PERCOak garrantzizkotzat jotzen du herriko eskaintza soziokultural eta komertziala hobetzea eta haunditzea. Bide horretan proposatzen du esate baterako, Biteriko plazan auditorio bat sortzea kultur etxea haundituta. Herriko eskaintza komertziala hobetzeko herriko lokal hutsen inguruko neurriak proposatzen ditu ikerketak, baita dagoeneko irekita dauden negozioentzat ere: lokal hutsen inbentarioa egitea, hauek merkaturatzeko erraztasunak jartzea, ordenantza bat sortzea lokalen gutxieneko itxura ziurtatzeko eta lokalak berritzeko dauden diru laguntzen inguruko informazioa eskura jartzea. Herrian dauden errekurtsoak hobeto ezagutzeko seinale egokiak jartzea da eskaintza komertziala hobetzeko beste proposamenetako bat. Kaxkoa eta inguruko kalea komertzio gune garrantzitsua izanda, gune bakar eta diferentziatua izateko neurriak proposatzen dira: seinaleak jarri, bertara jotzeko bideak erraztu, komertzioek eta gune komertzialak itsura bateratua izatea. Merkatariak hezi eta egungo beharretara egokitzearen premiaz hitz egiten du PERCOak eta merkatariak elkarteetan duten parte hartzea gehitu behar dela ere esaten du. Merkatarien elkarte hauek beste elkarte batzuekin lanean aritu behar dutela ere uste du ikerketa honek. Proposamenak aztertu PERCOak dio proposamen hauek aztertzeko komisioa bat sortu beharko litzatekeela, Udala eta Jaurlaritzako Komertzio Zuzendaritzaren artean. PERCOaren jarraipena egin beharko lukete: Udalak, Berriak eta sektore komertzialak eta Buruntzaldeko Merkataritza Asistentzia Teknikorako Gabineteak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!