3-9 urte bitarteko umeak dira, 470 udaleku irekietan eta 32 kirol udalekuetan. 61 monitore arituko dira zaintzen. Umeek elkarrekin euskeraz hitz egitea eta harremanak bultzatzea dira Udalekuen helburu nagusiak.
hernaniko udalekuak martxan dira. Herriko 502 ume aspertzeko denborarik gabe ibiliko dira hilabete osoan: jokoak, irteerak, egun pasak, San Ferminak, ur festa, ETBra bisita, baserria ezagutu, hondartza, piszina, herri kirolak... Egunero izango dute zerbait berria egiteko. Herriko plaza eta parkeak ume taldez beteta egongo dira uztail osoan, eguraldiak laguntzen badu behintzat.
Udaleku irekietan hiru eta bederatzi urte bitarteko umeak ibiltzen dira, adin taldeka banatuta: 3-4 urtekoak batetik, 5-6koak, eta 7-8-9 urtekoak. Azken bost urteotan, 375-475 ume bitarte horretan ibili dira, eta batez ere azken bi urteotan ume kopurua dezente igo da. Aurten, 2004an baino 35 ume gehiago apuntatu dira eta 2003an baino ia 100 gehiago.
Elkarrekin euskeraz egin eta harremanak bultzatu
Udaleku irekiak Udaletxeko Euskera Zerbitzuak antolatzen ditu, batez ere bi helbururen bueltan: Hernaniko umeek elkarrekin euskeraz hitz egiteko bidea jartzea eta elkarren arteko harremanak indartzea. Umeak taldeka banatzen dira eta taldeak ere bi irizpide nagusi horien arabera egiten dituzte. Batetik, euskeraz hitz egiteko joera duten eta ez dutenen arteko proportzioa kontuan izaten dute, eta bestetik, ikastetxe ezberdinetako umeak nahastuan jartzen dituzte.
Ikastetxe ezberdinetako umeak nahastuan jartzearena 2002an jarri zuten martxan, eta emaitzak eman ditu. Amaia Ganzarain begiraleen buruak Kronikari adierazi dio umeek jarrera hobea dutela orain beste ikastetxeekiko «gauza normaltasunez ikusten dute orain eta elkarri errespeto gehiago diote».
Euskera eta harremanak ez ezik, udaleku irekiek badituzte beste helburu batzuk ere: udalekuetako hilabetea ume taldearentzat esperientzia polita izatea, beren kasa moldatzen ikastea, Hernani ezagutzea, baserri mundura hurbiltzea, parte hartzea bultzatzea eta abar. Helburu horien gainean egiten da hilabeteko ekintza plana.
Urtero joaten dira
Umeak hiru urterekin hasten dira udaleku irekietan eta gehienek bederatzi urte arteko ziklo osoa egiten dute. «Umeak gustora ibiltzen dira, bai, eta ia denak bueltatzen dira hurrengo urtean» dio Amaia Ganzarain zuzendariak.
Udalekuetako ekintza ia denak kanpoan egitekoak direnez, begiraleek eguraldia izaten dute eguneroko kezka nagusietako bat. Hala ere, badakite hemengo eguraldiaren berri eta beti ekintza alternatiboak pronto izaten dituzte aterpean egiteko. Gay-Murren, Elizatxon eta Laubidietan egiten dituzte.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!