Abuztuak 23 eta irailak 3 artean ospatuko da Donostian. Hernaniko atletismo
pista txapelketaren egoitza nagusietako bat izango da.
DONOSTIAN izango da aurten Helduetzako Munduko 16garren Atletismo Txapelketa, abuztuaren 23tik irailaren 3ra arte. Ekitaldi gehienak Donostian bertan egingo dira, Anoetako estadioan eta bere inguruan (miniestadioan, belodromoan...). Hala ere, Donostiatik kanpora zenbait froga egingo dira, Hernaniko atletismo pistan, esaterako.
Zehatz esateko Hernanin jaurtiketa frogak egingo dira: mailua, mailu astuna, pentatloneko jaurtiketa froga, deklatoneko diskoa eta heptatloneko jabalina jaurtiketa.
850 atleta Hernanin
Txapelketan izena eman duten beteranoak 5.787 dira: 4.225 gizonezko eta 1.592 emakumezko. Sagastialdeko atletismo pistara 850 atleta etorriko dira jaurtiketak egitera.
Iazko astean prentsaurrekoa izan zen txapelketa honek Hernanin nola eragingo duen azaltzeko. Bertan izan ziren Iñaki Ugarteburu, Diputazioko kirol zuzendaria; Juanjo Okariz, Euskadiko Atletismo Federazioko ordezkaria; eta Iñaki Barrio, Hernaniko Kirol Patronatuko Lehendakaria. Prentsaurrekoan esan zutenez 4.000 boluntario baina gehiago beharko dira txapelketa aurrera eramateko eta dagoeneko 1.100 inguruk izena eman dute (boluntario bezala izena emateko www.wma-2005.com helbidera jo daiteke). Hernaniko atletismoaren historia ere goraipatu zuten prentsaurrean eta adierazi zuten txapelketa egingo den bi asteetan zehar, egunero izango direla frogak Sagastialdeko pistan.
80 herrialdetatik etorritako atletak
Guztira 80 herrialdetatik etorritako atletak izango dira Donostian eta Hernanin. Horien artean kopururik gehieneko herrialdeak dira: espainiarrak, alemanak, ingelesak, frantziarrak, estatu batuarrak eta italiarrak. Euskaldunik ez da faltako eta hainbat hernaniarrek ere hartuko dute parte bertan.
Beteranoen Munduko Txapelketan 32 froga ezberdinetan lehiatuko dira partaideak. Maila ezberdinak izango dira: gazteenak 35-40 urte artekoak eta zaharrenak 90 urtetik gorakoak izango dira. Atleta beteranoenak dira: Anton Polgar alemaniarra, 92 urtekoa eta 6 frogatan ibiliko dena; eta Torgoeir Brandvold, 92 urtekoa hau ere eta 7 frogatan parte hartuko du emakume honek.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!