GAUR bukatuko dira San Joan jaiak eta aurtengo omenduek emango diote bukaera festari: Etxeberriko haurren danborradak. Hala ere, egun luzea da eta ekitaldi asko daude, festetako azken egun hau aprobetxatu nahi duenarentzat.
Goiz goizetik dianak esnatuko ditu hernaniarrak, eta segidan sokamuturra eta Azeri dantza izango dira. Eguerdian haurrentzako zezenak jarriko dituzte Latsunbeko kirol pistan eta Tilosetan herri kirol jaialdia dago, Elur Txori elkarteak antolatuta. Herri kirol jaialdian aizkoran ariko dira Barberena eta Rekondo nafarrak, eta Gipuzkoako Mugerza aita semeak. 10 korte zeinek lehenago eman izango da egitekoa. Harri jasotzaileak ere arituko dira: Pato, Latsunbe eta Miren Urkiola.
Pelota partiduak
Arratsaldeko 18:00etan kiroldegiko frontoian profesional mailako pelota partiduak antolatu dituzte. Aurreneko partidua Oiaga eta Medinak jokatuko dute, Esnal eta Eskuderoren kontra. Bigarrenean, Oier Mendizabal eta Aimar Olaizolak jokatuko dute Errasti eta Unanueren kontra.
Arratsaldeko 18:30etan San Joan konpartsa aterako da, aurten Lasarte eta Hernanin garai batean zegoen automobil zirkuitoaren bueltan antolatu dute konpartsa.
Festari amaiera emateko ekitaldia 23:45etan hasiko da plazan, zezen suzko eta guzti.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!