Garai bateko Lasarte-Hernani automobil zirkuitoa ekarriko du gogora San Joan Konpartsak

Kronika - Erredakzioa 2005ko eka. 26a, 03:00
SAN Joan Konpartsak aurten ere karrozak aterako ditu. Urtero bezala Hernaniko historia arakatu dute eta aurtengo konpartsa girotu dute garai batean Hernani, Lasarte, Urnieta eta Andoain zeharkatzen zuen automobil zirkuitoko karreretan. San Joan Konpartsa astelehenean, ekainaren 18:30-etan izango da. 1923tik 1935era martxan Zirkuito honen historiarekin eta argazkiekin liburua osatu dute eta konpartsa egunean bertan banatuko dute dohainik. Liburu honetan irakurri daiteke, Lasarte, Urnieta, Andoain eta Hernani zeharkatzen zuen zirkuitu honetan aurreneko lasterketa 1923ko uztailaren 23an egin zela eta 17.815 metroko ibilbidea zuela. Zirkuitu honek Hernani erdibitu egiten zuen, Kaxkoa bitan banatuz: Teileri-Gainetik sartu, Udaletxekoa arkuak zeharkatu, Kardaberaz kaletik pasa eta Zinko Eneara joaten ziren automobilak. Handik Antziola eta Cuesta de la Muertera abiatzen ziren. Zirkuito honetako lasterketak maila internazionala zuten eta mundu mailan sona haundia zuten lasterketak antolatzen ziren. Lasterketak 1935an bukatu ziren, gerra hasi zenean. 65 pertsona konpartsan Asteleheneko konpartsan 65 bat pertsonek hartuko dute parte. Konpartsa plazan hasiko da, gero Kale Nagusia zeharkatu, Zinkoenan buelta eman eta Kardaberaz kalean gora abiatuko dira. Konpartsan garai bateko 6 kotxek ere hartuko dute parte. Plazan lasterkaren sari banaketa egingo dute. Valentin Barragani omenaldia Konpartsak Elizondoko Valentin Barragan omenduko du. Konpartsarekin lanean aritu zen euskal dantzak irakasten.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!