HERRIKO tabernek garrantzi handia dute jaietan, bertan izaten den giroagatik eta biltzen den jendetzagatik. Udal Normatibak ordutegi berezia aurrikusten du San Joanetarako eta tabernak goizaldera arte izango dira zabalik festetan.
Bi kategoria bereizten dira tabernen kasuan, arratsaldetik irekitzen dituztenak eta egun osoan zehar irekita daudenak. Ostegunetik igandera, lehenengoak 07:00ak arte irekiko dituzte eta bigarrenak 05:30ak arte. Astelehenean berriz, egun osoz irekitzen dutenek 03:30ak arteko epea izango dute taberna ixteko eta arratsaldean irekitzen dutenek 05:00ak arte.
Komunak herri guztian
Hernaniko udaletik jakinarazi dutenez San Joanak iraun bitartean komunak jarriko dituzte kalean jendeak erabili ditzan. Bi modelo ezberdinetako komunak dira eta guztira 10 unitate jarriko dituzte herrigunean.
Jon Alzaga (Aker):
«Gurea paradoja bat da, lan egin behar dugu beste batzuk ondo pasa dezaten. (...)
Koadrila egunean,
koadrilak poteatzen ikusteak sentsazio ona ematen du, nahiz eta barraren
atzean gauden»
Josetxo Ugalde (Bodega):
«Giroa batez ere koadrilen egunean aldatzen da, orduan herrikoiagoa bihurtzen da.
(...)
Harrigarria da jendeak tabernatan ahaztuta uzten duena: poltsak, karterak giltzak, mobilak...»
PEIO LORAN
Rioja taberna:
«San Joanak pasata izango dugu lan gehiena»
Jaietan lana egiten duenik badago, tabernariak, esaterako. Peio Loran-ek barraren bestaldean San Joanak nola pasatzen dituen kontatu digu.
Noiz izaten da jende gehien taberna honetan?
Egun guztian zehar jende asko egoten da. Guk goizeko 10:00etan irekitzen dugu eta gaueko 04:00ak arte ez dugu ixten. Irekitzeko orduan jende mordoa etortzen da, gauapasa eginda dagoena batez ere, baina ezagunak dira eta ez da arazorik izaten.
Eta gogorra al da lan
egitea besteak jaietan daudela?
Bai, ez da erraza eta asko sufritzen dugu. Koadrila egunean esaterako. Lehenago arratsaldeko 20.00etan lanera joan behar izaten ginen, bazkaldu eta txarangaren atzetik ibili eta gero, kalean giro ederra zegoenean, hori gogorra da. Orain sistema aldatu dugu eta txandakatu egiten gara.
San Joanak aurretik eta ondoren ere izango da lanik...
Noski, aurretik gauza asko lotu behar dira. Guk, adibidez, almazen txikia daukagu eta ondo ordenatu behar dugu probisioak kabitzeko. San Joanak eta gero taberna askok itxi egiten dute eta gurera etortzen dira, orduan izaten dugu lan gehiena.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!