AxerI dantza da Hernanin, San Joan jaien inguruan egiten den ekitaldi ezagun eta maitatuenetakoa. Aspaldiko ohitura da, baina orain herri gutxi batzuetan bakarrik eta Hernanin egiten den bezala, inon ez. Inauterietako dantza den arren, frankismoan debekatu eta San Joanetara pasa zuten gero.
Egunean 200 maskuri
Axeri dantza nola antolatzen den jakin nahian, lan horretan urte dexente daramakin Jona Alejos-i galdetu diogu. Egunean 200 maskuri behar izaten dituzte Axeri dantzarako, guztiak mataderotik ekartzen dituzte.
Lehendabizi maskuriak lehortu egiten dira eta gero puztu. Jon-ek dioenez, egunean bertan berriro puztu behar izaten dituzte, ordurako haize asko galtzen baitute. Horretaz gain maskuri guztiei soka jarri behar izaten zaie. Axeri dantza hasi baina ordu eta erdi lehenago, goizeko 07:30etan, hasten dira lan horiek guztiak egiten.
Lanaren ondoren, hamaiketakoa
Aurten lehengo urteko jende berbera aterako da Axeri dantzan, ez da kasik aldaketarik egongo. Dantzari gehienak esperientzia badute eta normalean ez da egun batzuk lehenago entsaiatu behar izaten. Alejos-i gogorra ote den galdetu diogu eta berak erantzun digu aurreko parrandaren araberakoa dela: ´26an ez dira aurpegi oso onak ikusten, batenbat gaupasa eginda ere etorri izan da`, dio.
Galdutako indarrak errekuperatzeko hamaiketakoa egiten dute gero Txantxangorri elkartean: Salda, batxuri zopa, arrautzak eta txorixoa.
Ekainaren 25, 26 eta 27an egiten da Axeri dantza gaur egun. Goizeko 09:00al aldera, sokamuturra bukatu baina lehentxeago, maskuriaren soinua entzun daiteke arkupe txikian, dantzariak beroketak egiten dituzte orduan-eta. Lehenago soilik bi egunetan egiten zen, baina duela urte batzuetatik hona Axeri dantza mixtoa izaten da hilaren 27an.
Axeri dantzak Kaxkoko kale buelta egiten du, denda eta patioak aprobetxatuta, jeiki berri direnak eta oraindik parrandan daudenak egurtzeko, txistuaren doinuarekin batera.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!