Zezenak Latsunbeko kirol pistan izango dira aurten lehenengoz, larunbat eta igandean

Kronika - Erredakzioa 2005ko eka. 23a, 03:00

Urte askotako historia dute zezenek Hernaniko San Joanetan eta aurten ere izango da aukera gazte eta helduentzat. Gazteentzako zezenak larunbat eta igandean izango dira eta aurten lehenengoz Latsunbeko kirol pistan dituzte jartzekoak (Urumea aurrean barrakak jarriko dituzte). Helduentzako zezenak sokamuturran aterako dira larunbat, igande eta astelehen goizetan. Urteroko moduan, Kaxkoan izango dira zezenak, plaza, Kale Nagusi eta Andre Kalean barrena. Fernando Zubiaurre da Hernanira zezenak ekarriko dituena. Kronikari esan dionez Hernaniko plaza nahiko arriskutsua da mozkorra asko ibiltzen baita eta zorua ere oso labaina egoten baita. 300 kilo arteko 3 zezen eta bi behi ekarriko ditu sokamuturrara. Horrez gain, umeentzako zezenak era berak ditu ekartzekoak eta 70 kilo arteko 5 behi eta zezen txiki ´ia adarrik gabiak` eta 5 poni ekarriko ditu. Gazteenek gozatzeko moduko azienda. ´Bildurgarri jaitsi da` Hernani jende asko biltzen den plaza dela esan digu Zubiaurrek, baina, orokorrean asko jaitsi dela zezenen festa. ´Garai batean gauez eta joaten ginen festetara eta jende asko biltzen zen. Jendea igual jartzen zen zezanari adarritatik heltzen...`. Gaur egun badira Tolosa bezalako herriak tradizioa mantentzen dutenak Zubiaurren hitzetan, baina, orokorrean jende askozaz gutxiago biltzen da. Hemezortzigarren mendeko arrastoak Zezenketen festa ez da gaur goizekoa eta hemezortzigarren mendeko zenbait dokumentuk argi erakusten dute hori. 1732ko udal agiri bat bada artxiboan, zezenketen ingurukoak azaltzen dituena. Mende bukaeran zezenketak arautu zituzten estatu osoan eta eskaera zehatzak egin behar izaten ziren, agiriek argi erakusten dutenez. Plaza nagusian egiten ziren orduan zezenketak. 1896ko beste agiri batean, Hernaniko alkateak eskaera egiten dio Norteko Ferrokarriletako Zuzendari nagusiari arratsaldeko 20:00ak edo 21:00etan tren bereziak jartzeko zezenketa egunean, jendeak Hernanira etorri eta bueltatzeko aukera izan zezan. 1924an, mozkorrak plazatik kendu eta 40 lagunetik gora toreatzen ez ibiltzeko eskaera dago. 1926ko agirian ´lehengo hilerri zaharrean` egin zen zezenketa, Txantxillan, Sociedad Recreativa Urumeak antolatuta. Geroago berriz ere plazan egiten hasi ziren zezenketak eta kaleak sagardo barrikekin ixten omen zituzten. Plazatik Biterira, Urumea ikastola aurrera eta orain Latsunbeko kirol pistara joan dira zezenketak, non arakaturik baden historia luzean.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!