Preso eta errefuxiatuei omenaldia egingo zaie bihar

Kronika - Erredakzioa 2005eko ekainaren 23a

URTERO bezala, aurten ere herriko presoei omenaldia egingo zaie bihar, ostirala, San Joan egunean. Ekitaldia manifestazio-kalejira batekin hasiko da arratsaldeko 20:00etan Gudarien plazatik. Manifestazio hasieran hernaniar preso eta errefuxiatuen senideek horien guztien argazkiak eramango dituzte. Manifestazioa kalejiran abiatuko da, dultzaina joleek eta trikitilariek lagunduta. ´Mani-kalejira`-ren ondoren omenaldia egingo da Gudarien plazan bertan. Omenaldian, Pakito Lujanbioren bertso batzuk kantatuko dira eta antolatzialeek adierazi dute sorpresarik ere izango dela. Bestalde, Etxeratetik adierazi dute mani-kalejiraren aurretik, 19.45etan, ostiralero egiten den kontzentrazioa izango dela Zinkoenean, euskal presoen sakabanaketa salatzeko. Igandean, arkume jatea Presoen aldeko ekitaldiak ez dira bihar amaituko. Igandean herri bazkaria antolatu dute ´presoak San Joanetan nahi ditugula aldarrikatzeko`, diote. Arkume jana izango da Plaza Berrian eguerdiko 14:00etan hasita. Txartelak erosi nahi dituenak, salgai izango ditu Oindi, Garin eta Gestoraseko txosnan. Bazkalostean, iaz bezala, Edorta eta Gartxot izango dira, bazkariko guztiei kantu zaharrak abestu arazteko asmotan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!