Sorginak Akelarrera aterako dira gauerdian

Kronika - Erredakzioa 2005eko ekainaren 23a

GAUERDIA heldu bezain pronto sorginak kalera aterako dira, urte guztia zain egon ondoren iritsi da garai San Joan bezperako Akelarrea egiteko. Gaueko 00:00etan aterako dira Paradorretik Akelarrea osatzen duten 70 lagunek sorgin dantza dantzatuz. Plazara 01:00ak aldera iritsiko dira eta bertan Akelarrea hasiko da. ´Gaur egungo inkisizioaren islada` Akelarreko antolatzaileek adierazitakoaren arabera gaur gauean plazan egingo duten antzerkirako zerbait berezia egiten saiatu dira: ´aurtengo antzerkia gaur egungo inkisizioak egiten duenaren islada izango da` azaldu dute. Akelarreko kideek adierazi dutenez plazara, beti bezala , festa giroan sartuko dira eta sorginek Akelarrerako edabea prestatuko dute. Orduan inkisizio azalduko da eta festa moztuko du. ´Epaiketa hasiko da momentu horretan`, azaldu dute, ´alde batetik sorginak epaituko ditu inkisizioak baina beraiekin batera Hernaniko preso politikoak, azken finean herria, epaituko dituzte. Beraien konfesioa lortzeko gaur egungo sistemak eta lehengoak erabiliko dituzte, torturak alegia`. Sorginak eta presoak sutan erretzera kondenatzen ditu antzerki honetan inkisizioak, baina Akelarrekoek azaldu dutenez, askatzaileak etorri eta denak libre utziko dituzte, inkisizioari edabea eman eta akelarrea hasiko da orduan, Aker eta guzti. Akelarrea gauez egitearen xarma Akelarrea azkeneko urteetan ilundu aurretik egin izan da baina iaz gauez egiten hasi ziren, gauerditik aurrera. Akelarreko kideen hitzetan hoberako izan da aldaketa ´batetik gauak beste xarma bat du eta kolorezko suekin jolasteko aukera ematen du. Bestetik publikoa ere helduagoa da`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!