Urteko egunik eta parrandarik luzeenei ongietorria emango die suak

Kronika - Erredakzioa 2005eko ekainaren 23a

SUA piztuko da gaur iluntzean plazan eta San Joan bezperako gauak, Udako solstizioak edo herriko festen magiak erakarrita (bakoitzak aukera dezala motiboa) jendetza bilduko da sugarraren erritmoan dantza egitera. Milaka urteetatik datorren ohitura honek gaur egun oraindik bizirik dirau, hala ere, ez du garai batean zuen esanahi bera edo neurri batean galdu egin du.
Suaren eta eguzkiaren mitoak Udako solstizioaren inguruko ospakizunak antzinatik datoz. Eguzkiari gur egiteko pizten zuten arbasoek sua, ekainaren 24koa urteko egunik luzeena izaki, hain beharrezkoa zuten eguzkiari, Eguzki Amandreari, eskaintzen zitzaizkion suaren inguruko kantu, dantza eta festak. Izan ere, nekazaritzari lotutako garai hartan gizakia natuaren mende bizi zen eta eguzkia zen bizi iturri garrantzitsuenetako bat: hotzetik babesten zituen, lurra ongarritzen zuen eta argia ematen zuen, besteak beste. Kristautasunak bere egin zuen eguzkiaren inguruko festa hau eta San Joan izenez bataiatu zuen, kontzientziaren argitasunaren esanahia emanez. Bestalde, industrializazio iritsi zenean nekazaritzak zuen indarra galdu egin zuen eta eguzkiari gurtzeko beharra ere piskanaka desagertzen joan zen. Gaur egunean festa mantendu egiten da eta oraindik ere badu kutsu magikorik. Nahiz eta parranda egiteko gogoa nagusitzen den denen gainetik. Lizar hostoak etxeko atarian Eguzkiaren omenezko festa honek ere bazuen beste esanahi bat. Eguzkia garbitzailea zen eta gaueko izpiritu gaiztoak uxatzen zituen. Beste herri batzuetan eguzki loreak jartzen diren bezalaxe Hernanin lizar hostoak jartzeko ohitura dago, etxea izpiritu txarretatik babesteko.

ANTONIO ARRUABRRENA, ‘Sansonategi’ - San Joan sua piztuko du gaur -
«Elorria eta lizarra erretzen zen lehen, tximistak ez baititu jotzen»
Noiz hasi zinen San Joan sua piztutzen? 1973an hasi nintzen. Jesus Altzaga zegoen kontzejal eta proposatu zidan nik, Udaletxeko guardak, San Joan sua pizteko lana hartzea. Horren aurretik auzoetako jendeak pizten zuen, orain Udaletxeko guardaren lana da. Lan asko ematen al du?. Lehendabizi mendian bilatu behar da, kimaketetatik sobratutako adarrak dauden ikusi eta bestela moztu egin behar da. Gero kamioia hartu eta plazaraino ekartzen da egurra. Kamioarekin ezin bada, land roverra eta erremolkearekin egiten dut. Plazan egurra pilatzen arratsaldeko 19:45etan hasten naiz eta sua piztu gaueko 21:30etan egiten dut. Behin egurrak su hartzen duenean erratzarekin erretako egurrak bildu egin behar izaten dira, jendeak salto egin dezan. Zein egur erabiltzen da San Joan sua egiteko? Elorria eta lizarra erabiltzen ziren San Joan sua egiteko. Zaharrek diote elorria eta lizarra direla tximistak jotzen ez dituen zuhaitz bakarrenetakoak. Gaur egun piñua erabiltzen da sua egiteko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!