25 urte danbor eta barrikekin Etxeberri eta Hernaniko kaleak girotzen

Kronika - Erredakzioa 2005eko ekainaren 23a

Etxeberriko Danborrada 1979an sortu zen eta auzoko festetan jai giroa jartzea zen helburu nagusia. Hasiera-hasieratik izan ziren helduen eta umeen danborradak, eta biak jendetsuak. San Joanetan, ordea, umeen danborradak jo du azken hogeitabost urteotan, Santa Barbarakoarekin batean. Helduena auzoan ateratzen zen. Urteurrena dela eta, heldu eta umeen tanborradak omentzea ere pentsatu da, baina, berez, hogeita bost urte umeenak egin ditu, helduena auzoko jaiekin batean bukatu baitzen, 2001ean. Juanito Tolosa, Jesus Rodriguez, Blas Trejo, Niko Curado, Carlos Hidalgo eta Juantxo Etxezarretak osatu zuten danborradako aurreneko junta. Eta urte luze horietan, Alejandro Sanchez izan da umeen danborradaren ardura eraman duena, eta berak botako du gaur txupinazoa. 120 umeko urteak San Joanetako omenaldia dela-eta, Etxeberriko Danborrada indarberritu egin da aurten, eta 40 umeko taldea osatu dute, baina, azken urteotan lanak izan dira eusteko, jenderik animatzen ez-eta. Bestelako garaiak ere izan ditu, ordea. Lehenbiziko urteetan, askotan 100 umetik gora ateratzen ziren, danbor-jole, kantinera, sukaldari eta gainerakoen artean. «batzuetan gehiegi ere bai» esan digu Alejandro Sanchezek. Hasieran, ohiturak agintzen zuen bezala, danbor-jole guztiak mutilak ziren, eta neskak kantinera edo antzeko papera zuten. Mutilekin bakarrik danborrada osatu ezinak ekarri zuen ohitura zaharrak berritu beharra Etxeberrin, eta gaur egunean gehienak neskak dira. Bai Etxeberrin eta baita Santa Barbaran ere. Jantzi berriak aurten Etxeberriko danborradak janzkera bat baino gehiago erabili izan ditu 25 urteotako bidean, eta aurten uniforme berria estrenatuko du: barrikajoleak gorriz aterako dira eta tanbor-joleak urdinez. Omenaldiko ekitaldiaz gain, urtero bezala herrian barrena ibiliko dira Santa Barbarakoarekin batean bihar, betiko ibilbidea eginez: Santa Barbaratik atera, Nafar kalea, Elkano, Izpizua, Plaza Berri, Zinkoenea, Kale Nagusia, plaza, Elkano, Izpizua eta Santa Barbara aurrean bukatu. Joko dituzten piezatako batzuk: Hernaniko martxa, Idiarena, Hau dek hau, Villabona eta Tatiago.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!