UDAKO solstizioari ongi etorria egingo dio gaur Chillida Leku museoak. Museoak adierazi duenez eguzkiaren argia museoko protagonistetako bat da eta egun berezi honetan omenaldia egin nahi diote. Horretarako ikuskizuna antolatu dute gaur iluntzerako, bertan parte hartuko dute dantza, musika, sua eta aireak, Kukai dantza taldea eta Juan Mari Beltranen eskutik. Bide batez Hernaniko San Joanetan ere parte hartu nahi izan du museoak eta gaurko festa izango du bere aportazioa.
Ikuskizuna gaur iluntzeko 21:30etan hasiko da Chillida Leku museoan, nahiz eta museoko ateak 21:00etan irekiko dituzten. Sarrerak 10 euro balio du. Autobusa ere antolatu dute dohainik eta arratsaldeko 20:45etan aterako da Atsegindegitik.
Iluntzeko argiak
apaindutako eskulturak
Iluntzeko argia eta Chillida Leku bera izango dira gaurko ikuskizuneko eszenatoki. Koreografia eta haizezko instrumentuak gidatuko dute bisitaria museoan barrena eta suak emango dio bukaera jaialdiari.
Solstizioko ikuskizuneko musikaz Juan Mari Beltran arduratuko da. Batetik Burruna joko du, egurrezko instrumentua, eta soka bat mugituz soinu berezia sortzen duena. Bestetik adarra ere joko du. Haizezko instrumentu hauek bisitaria Kukai Dantza taldeak eskainiko dituen saioetarantz gidatuko dute.
Kukai dantza taldea Jon Maiak 2001 urtean sortutako dantza konpainia da eta bertako kideek gaur gauean 5 dantza saio eskainiko dituzte, museoko gune ezberdinetan: zinta dantza, kirikoketa-sigisagan, gogoaren bidezidorretik, kontradantza eta arrabiten zurdetan.
Bukaera kalejira eta suak emango diote festari.