Harrera beroa egin dio Hernanik San Joan jaiei

Kronika - Erredakzioa 2005ko eka. 20a, 03:00

San Joan iragarpen kontzertuan 280 lagunek hartu zuten parte. Plaza leporaino bete zen.

urteko ekitaldirik jendetsuena izaten den San Joan iragarpenak espero zen harrakasta izan du aurten. Plaza leporaino bete zen larunbatean ikuskizuna ikustera, eta iraun zuen bi ordu inguruan ez zen falta izan txalo, farre eta malkoren bat edo beste ere. Herriko musika, dantza eta bestelako taldeek urte guztian egindako lanaren frutua ikusi ahal izan zen larunbateko ikuskizunean. Eguerdian herriko ikastetxe eta musika eskoletako ikasleek egin zuten ekitaldia eta han ere jende izugarri izan zen plazan. San Joanek aurten hasiera ezin hobea izan dute. Antolatzaileek, iazko euritzak gogoan, estimatuko zuten seguruenera larunbateko beroa. Gusto guztientzako ekitaldia Gaueko ekitaldian denetik ikusi ahal izan zen. Presoen senideek eman zioten hasiera ekitaldiari eta bizi duten egoera gogorra azaldu zuten jendearen txalo artean. Jarraian, aurtengo gonbidatu berezi zen Incansables txarangak hiru abesti jo zituen eta horren ostean denetik entzun eta ikusi ahal izan zen, besteak beste: Euskal Musikaren Gorespena, Juana Bixenta Olaberen moldaketa bat, dantza herrikoia, dantza garaikidea, bakarlariak, abesbatzak, antzerki esketx bat... Aurkezpenak Idoia Noble eta Jon Odriozolak egin zituzten, eta guztira 12 taldek eta 280 lagunek hartu zuten parte.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!