Debutaren poza, nabari zaio Mendizabali, baina, ez du erronka haundiegirik bota nahi oraindik. Bidea pausuz pausu egin behar dela badaki eta kategoria berrira ohitu behar duela orain. Oinez ondo dakiten hiru pelotari izango ditu gaur Zarautzen: Koka-Mendizabal/Unanue-Errasti.
Afizionatu mailan goi muturrean ibili da azken urteetan Mendizabal eta jakinekoa zen lehenago edo geroago profesional mailara salto egingo zuela. Jaiotzez añorgarra da eta Unanueren eskutik ikasia, aspaldi Hernanin bizi bada ere. 2009 urte arte dauka Asegarcerekin kontratua eta printzipioz lehen hiru partiduak zehaztu dizkiote, hiru estelar. Gaur du lehen erronka Zarauzko Aritzbatalde (partidua Tele 5 telebista kateak botako du). Kronikak debut aurreko hitzak kendu dizkio.
Debutaren aurrean nola zaude?
Urduri xamar, baina, oraingoz ondo nago. Hori bai, azken aldian beste konturik ez det entzuten.
Debuta eta hurrengo bi partiduak gogorrak jarri dizkizute.
Bai. Agian egokiagoa izango litzateke azpiragotik hastea, baina enpresak ere saltzeko moduko partiduak jarri nahiko ditu debutean.
Zer helbururekin ekingo diozu profesional bideari?
Ni ez naiz ez Aimar eta ez Irujo, hori badakit. Nire helburua izango da dauzkadan dohainei ahalik eta etekin haundiena ateratzea. Aukera bat eman didate eta ea aprobetxatzen dudan. Maila honetan denek jokatzen dute eta ezin da egun txarrik eduki. Ofizioa ikasten joatea izango da lehenengo helburua.
Afizionatu mailan ondo zailduta pasako zara profesionaletara.
Lau urte egin ditut afizionatu mailan jokatzen. Gaur egun maila ona dago afizionatuetan eta hor neurtu behar da. Garai batean jende asko igo zen profesionaletara eta hutsunea nabaritu zen afizionatu mailan. Orain, ordea, maila hartzen ari da berriz ere.
Dagoeneko Asegarceko entrenatzaileekin ariko zara. Zermoduz?
Joan den uztailetik ari naiz Asegarcerekin entrenatzen eta oso gustora. Aniceto Lazkano dut entrenatzailea. Profesionalekin entrenatzen dugu. Astean 3 egunetan fisikoa lantzen dut nik Tximistekin -bitan korrika eta behin gimnasioa- eta beste bi egunetan frontoian aritzen gara.
Profesionalekin zermoduz?
Hor beste erritmo bat dago. Pelota arinekin ondo moldatzen gara, baina, material gogorragoa denean... pelota guztieri eman beharra dago hor, aurrelariari pelota kendu nahi bazaio.
Zein dohain eta hutsune ikusten dizkiozu zure buruari pelotarako?
Neure buruari buruz hitz egitea ez zait asko gustatzen baina tira... aitortzen didaten doainetako bat da oso pelotaria izatea eta hutsunea kolpe falta. Azken aldiko entrenamentuak hutsune hori betetzera bideratu ditugu: ez bakarrik potentzia hartzera, pelota atzeratzeko gestoa ere oso garrantzitsua baita.
Bi bitarako erakutsi dituzu dohainak. Buruz buru zermoduz?
Lauterdian dezente jokatu dut, eta gustora. Buruz buru frontoi osoan oso gutxi ibili naiz ordea. Horretarako preparatu egin behar da eta nik bolea hobetu beharko nuke.
Oraingoz festetan jokatzen hasiko zara. Txapelketak, torneoak... ezer zehazturik baduzue?
Oraingoz uste dut festetako partiduekin hasiko garela. Txapelketetan segun nola zauden sartzen zaitu enpresak eta zail izango da oraindik. Hala ere aukerak izatea garrantzitsua da, motibazioa ematen baitu horrek.
San Joanetan Hernanin ariko zara, eta ez nolanahiko partiduan.
Bai eta horrek gogoa eta errespetoa, bi gauzak ematen dizkit. Niretzat ohore haundi bat da Aimar txapeldunarekin jokatzea. Zaila izango da baina, ahal dudan ondoena egiten saiatuko naiz.
Bukatzeko, eta Hernaniraino etorri garenez, zein osasun ikusten diozu Hernaniko klubari?
Kluba oso ondo dijoa. Iñaki Esnal eta Iosu Oiaga profesionaletara pasatzeak asko piztu zuen giroa eta hori nabaritzen da. Rufinok, Iosuk, Ezpeletak, Salaberriak, Felixek... kristoren lana egiten dute.
Urte borobila
Asegarceko fitxak jartzen duenez: 22 urte, 182 zentimetro eta 81 kilo ditu Mendizabalek. Orain arteko palmaresa ere dotorea: hiru aldiz Antiguoko torneoko txapeldun (2002an jubenilekin, 2003an promesetan eta aurten afizionatuetan); herri arteko txapela bat eta bigarren postu bat; GRAVN sariko bi txapela: Iaz 22 urtez azpikoetan Jon Zabalarekin, eta aurten afizionatuetan Garikoitz Erroizenearekin; aurtengo Diario Vasco txapelketa... eta abar luze bat. Ea palmares hau gehiago dotoretzeko modurik baduen. Guk bere alde trabesak!
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!