ETXEBERRIKO Lagun Artea Elkarteak urtero antolatzen ditu San Joan jaiek barruan Atleta osoa eta palanka txapelketak. Aurten eguna aurreratu egin dute, hilaren 19ra. Lagun Arteako zuzendaritzatik Kronikari jakinarazi diotenez, eguna aurreratzea erabaki dute San Joanetako egunak ekitaldiz oso kargatuta daudelako eta ez dagoelako ziurtatzerik atletismo probarako ´udaltzainik egongo ote den` .
Froga hasiera, 10:30etan.
Atleta osoa-ren frogak Urbieta kalean hasi eta bukatuko dira (anbulatorio ondoan). 10:30etan bizikletarekin abiatuko dira partaideak eta gero korrika eta karga jasotzea ere egingo dute, Karabelen Urumea errioa gurutzatu beharko dute gainera.
Guztira 20 lagun inguruk hartzen dute parte urtero froga honetan eta horietatik asko hernaniarrak dira. Sariak izango dira lehenengo hiru emakumezko eta gizonezkoentzat, beteranoentzat, baita lehenengo iristen den hernaniarrarentzat ere.
Lagun Artea elkarteak Kronikari esan dio pentsatzen ari direla hurrengo urtean lasterketa herri gunetik ateratzea, lehengo urtean ezbehar bat egon baitzen bizikletan ari zirela.
Palankariak
atletismo pistan
Palankarien txapelketak 22garren edizioa du aurtengoa eta 6-7 palankarik hartzen dute parte bertan normalean. Sagastialdeko atletismoko pistetan izango da froga hau, igande goizean zehar.
Igandeko frogak eta gero, hamaiketakoa egingo dute palankariek eta atleta guztiek Lagun Arteak Etxeberrin duen lokalean.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!