Txema Armentia, Luis Aizpurua eta Eusebio Lizarazu oker daude jolas-igerilekuen aurka mintzatzen direnean. Instalazio hauen inguruan gaizki esaka ibiltzeak kirola arloko azkeneko joerak seguraski ez dituztela ezagutzen esan nahi du. Kirola egitea gaur ez da soilik lehiaketa bat.
Egun kirola arloan diharduten erakundeek eta goian aipaturiko lagunek kontzeptu ezberdinak dituzte. Egun kirola bultzatzen da bizimodu osasuntsu bat lortzeko, eta ez soilik errekorrak hausteko. Honek, ordea, ez du esan nahi nik ez ditudanik lehiaketak bultzatzen, baina begibistakoa da kirola ez dela soilik hori.
Hernanin martxan jarriko duguna ez da TBOaren asmakizuna, gizon hauek esaten duten bezala. Jolas-igerilekuak gero eta udalerri gehiagotan eraikitzen dituzte. Gipuzkoan adibidez, Beasainen, Bergaran, Legazpin, Tolosan, Azpeitian edo Donostian dagoeneko badaude edo eraikitzear daude.
Azpeitian gutxiengo bat proiektuaren kontra agertu zen, igerilari federatuentzako igerileku bat nahi baitzuen. Egun azpeitiarrak oso pozik daude igerileku hauekin, bertan haurrek nahiz helduek udaz goza baitezakete hondartzara joan behar gabe. Tolosarrek igerileku hauek zabalik mantentzea exijitu dute eta Donostian hil honetan bertan lehenengo jolas-igerilekuak zabalduko dituzte.
Igerilari federatuei dagokienez, hauek ere etekinak lortuko dituzte igerileku estalietan jende gutxiago ibiliko baita.
Azkenik, 400 milioiko inbertsio bat errentagarri bihurtzea aipatzen denean esan beharra dago askozaz errentagarriago dela milaka pertsonek erabiliko dituzten instalazioak eraikitzea, lehiaketak egiteko eraikiko diren azpiegiturak baino.
Gipuzkoan eta Euskadi osoan eraikitzen ari diren jolas-instalazioak nahiz kirola arloko joerak ezagutzeko gonbitea luzatzen diet hiru lagun hauei. Honen ondoren, seguraski, errespetu handiagoz tratatuko dituzte udan instalazio hauetan gozatu nahi duten hernaniarrak, izan ere putzuak igelentzakoak dira eta hernaniarrak ez dira batrazioak.
Bien bitartean, igerilari federatuek badakite presidente honek nahiz polikiroldegiaren zuzendaritzak egunero lan handia egiten dutela beraien entrenamenduak errazteko, hernaniar guztion kirola erraztea patronatuaren premisa bakarra dela kontuan harturik.
Iñaki Barrio, Kirol Patronatuko presidentea
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!