ASTELEHEN arratsaldean sekulako kazkabarra bota zuen Hernanin. Arratsaldeko 18:30ak aldera hasi eta minutu gutxian bazter guztiak txuritu ziren. Hurren tamainako harriak erori ziren eta horrek kalte ugari eragin zituen.
Zaharren Egoitzan eta enpresetan ura
Udaltzaingoak Hernaniko Kronikari adierazi dioenez, arazo larriena Zaharren Egoitzan gertatu zen, bertan ura bulegoetaraino sartu zen. Kazkabarrak arketa bat taponatu eta urak gainezka egin zuen.
Hernaniko beste zenbait lekutan (enpresak batez ere) arazoak izan ziren kazkabarrak arketak taponatu zituelako, Udaltzaingoaren arabera.
Emakume bat arin zauritua Floridan
Kazkabarrak eraginda, Floridako supermerkatu batean sabai zati bat erori egin zen 18:30ak aldera. Ertzaintzako prentsa zerbitzuak jakinarazi du horren ondorioz 63 urteko emakume bat zauritu zela eta ospitalera eraman behar izan zutela. Gainera, bada-ezpada ere suhiltzaileak bertaratu behar izan ziren sabaia erori zen lekura, baina ez zen haien beharrik izan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!