Kolonbiako sindikalgintzari buruzko hitzaldia gaur Askapenak antolatuta

Kronika - Erredakzioa 2005ko eka. 15a, 03:00

Hitzaldia Errotan izango da, arratsaldeko 19:30etan.

ASKAPENAK Jardunaldi Internazionalistak antolatu ditu Euskal Herri osoan aste honetarako. Hernanin hainbat ekitaldi izango dira jardunaldi horien barruan. Atzo bideo emanaldia ikusteko aukera izan zen Natza elkarteak Antziolan duen Errota lokalean. Gaur, Manuel Rodriguez sindikalista kolonbiarrak De las barricadas a las entrañas del monstruo. Colombia, sindicalismo y derechos humanos izeneko hitzaldia emango du leku berean, arratsaldeko 19:30etan hasita. Internazionalista egunerako txartelak Aurten Internazionalista eguna Sakanan izango da. Asteburu honetan hainbat ekitaldi egongo dira eta bertara joan nahi duenak txartelak salgai ditu Garin tabernan. Manuel Rodriguez, Kolonbiar sindikalista: «Elkartasuna da norberak bere herrian borrokatzea» Zer da Hernaniko hitzaldian azalduko duzuna? Kolonbiako egoera sindikala. Momentu honetan krisi eta desgaste haundi bat dago, sarraskiak egiten ari dira sindikalistekin. Baina erresistentzi guneak ere sortu dira dagoeneko. Nola definituko zenuke Kolonbiako egoera orokorra?. Kolonbia herrialde pobrea da eta baldintza kaxkarretan bizi dira han. Baina ezkerreko taldeen, nekazarien eta intelektualen antolaketa gero eta hobea da eta etorkizuna nahiko itxaropentsua dela esango nuke. Guzti horrekin zerikusi haundia dauka Venezuelako iraultzak, Latinoamerika guztian sortu da halako mugimendu bat Venezuelari esker. Zer dauka internazionalismoak Kolonbiari laguntzeko? Guk beti esan dugu: elkartasuna adierazi eta praktikatzeko modu egokiena, norberak bere herrian borrokatzea dela. Hori da benetako elkartasuna eta horrela lortuko dugu gizarte berri bat egitea; globalizatua bai, baina justizian, elkartasunean eta giza eskubideetan globalizatua.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!