Klik eta Klik: Gazteak, teknologia berriak eta giza baloreak lotzen dituen proiektua

Kronika - Erredakzioa 2005ko eka. 15a, 03:00

HAMALAU eta hamabost urte dituzten Gipuzkoako gaztetxo gehienek jakingo dute seguruenik Klik eta Klik proiektua zer den, arrakasta haundia izan baitu, duela bi urte martxan jarri zenetik. Inmaculada, Langile eta Elizatxoko ikasleak programa horretan parte hartu dute aurten eta Kronikak Klik eta Klik-en ardura daraman Digital Vasca enpresako Iñigo Kortabitarte hernaniarrarekin hitz egin du. Ideia ´marrazten` Kortabitartek dio proiektua duela hiru urte hasi zirela ´marrazten`. Ikastetxeen arteko lehiaketa interaktibo bat sortu zuten, ikasleen artean giza balioen garrantzia sustatzeko. ´Hasiera batetan ikastorduetatik kanpo izango zela pentsatzen genuen, baina gero ikusi dugu tutoritza eta informatika orduetan sartu dituztela ikastetxeek`, hori programak izan duen arrakastaren erakusgarri da, Kortabitarteren iritzitan. Giza balioak eta programa honen lehiakortasuna nola uztartzen diren galdetuta, Digital Vascako arduradunak dio lehiakortasunak motibatu egiten duela, baina programa honetan giza balioak lehiaren aurretik dijoazela eta adibide bat jartzen du: ´Bada jolas bat, galderari lehenengoan edo bigarrengoan erantzuteak berdin diona, puntu berdinak lortzen dira, inportantea ondo erantzutea da`. ´Programa honek talde lana egiteko balio izan du batez ere` Iaz Gipuzkoa osoko 20 ikastetxek hartu zuten parte Klik eta Klik-en, aurten 35 izan dira. Horietako hiru Hernanikoak: Inmaculada, Elizatxo eta Langile. Azken ikastola honetan irakasle den Peio Erdoziak ikasle eta irakasleen artean programa honek nola eragin duen azaldu dio Kronikari. Talde lana eta gai egokiak DBHko 3garren mailako ikasleek hartu dute parte bertan eta Peio Erdoziaren ustetan batez ere ´talde lana egiteko balio izan du`. Astean ordu betez (tutoritza ordua), sexualitatea, bullinga eta droga bezalako gaiak landu dituzte: ´material asko sortu dugu horren inguruan` dio Erdoziak, ´eta gaiak nahiko egokiak izan dira`. Langileko irakasleak nabarmendu duenez programa interaktiboa izateak asko lagundu du eta garrantzia kendu dio lehiakorra izateari ´lehiakortasuna ondo dago bere neurrian, kirola bezalaxe`, dio. Besteak beste honako proba hauek egin dituzte: Adi al zaude, Pertsonaia ezkutua, Ika mika... Programak azarotik martxora arte iraun du eta Kauta taldearen kontzertuarekin eman zitzaion amaiera, ikasleek hala aukeratuta. Langilekoak ere bertan egon ziren. Datorren urtean ´irakasleren bat animatzen bada` programarekin jarraituko dutela adierazi du Erdoziak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!