Preludioak ongi etorria egingo die aurtengo San Joanei larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2005ko eka. 14a, 03:00

SAN JOANAK gainean ditugu eta festa hauek iragartzen dituen kontzertua izango da datorren larunbatean, Gudarien plazan, hamabigarrenez. Lehengo urtean ezin izan zen emanaldirik eskaini, azken momentuan suspenditu egin baitzen euriarengatik. Hamabi urtetan, bitan bakarrik geratu da bertan behera Preludioa.
Incasables txaranga, gonbidatu bezala Aurten badago nobedaderik. Incansables txarangak 35 urte betetzen dituela eta, gonbidatu bezala pieza batzuk joko ditu kontzertuaren hasieran: Hernaniko martxa eta Jorge Villarri dedikatutako beste bat, horien artean. Horretaz gain, Biteriko dantza garaikideko taldea ikusteko aukera izango da. Lehengo urtean ateratzekoak ziren eta aurtengo ediziorako ere zerbait prestatu dute. Modu berean, hainbat aktorek Preludioan zehar parte hartuko dute, zenbait antzezlan eta esketx preparatu dituzte horretarako.
14 musika pieza eta 280 pertsona inguru Guztira 14 musika pieza joko dituzte larunbateko Preludioan, bertan parte hartuko dute: Txalapartariak, Musika Bandak, Hernani eta inguruko txistulariak, Musika Eskolako akordeoi taldea, Kantuz, Ozenki, San Joan Parrokia eta Musika eskolako abesbatzak, Ttarla eta Kriskitiña dantza taldeak, dantza garaikideko taldea, aktoreak eta Incansables txaranga. Guztira 280 lagun. Emanaldian zehar hainbat bakarlari entzun ahal izango dira eta aurkezle lanetan arituko dira Idoia Noble eta Jon Odriozola.
Arratsaldetik lanean Preludioa 22:30etan hasiko da. Baina entsaioak arratsaldean egingo dituzte, 17:00ak aldera hasita. Eszenatokia eta instalazioak berriz, bezperatik hasiko dira jartzen.

Preludio txikia eguerdian izango da aurten Urtero bezala, Preludioaren aurretik, Preludio txikia antolatu dute Musika Eskolakoek. Aurten nobedadea ordutegi aldaketa izango da. Beste urteetan arratsaldeko 16:00etan izan da, horrek arazoak ekarri ditu Preludioan parte hartu behar dutenek entsaiatu behar dutelako. Horregatik erabaki da aurten Preludio txikia 13:00etan izango dela. Guztira 400 pertsona inguruk hartuko dute parte aurtengo Preludio txikian, haur eta instrumentistak gehituta. Emanaldia txalapartariek hasiko dute eta gero 3-4garren mailakoek eta 5-6garrenekoek kantatuko dute. Tartean Ttarla dantza taldearen eta Doinuzaleren aktuazioak ikusteko aukera izango da. Denek batera bukatuko dute San Joan Zortzikoarekin.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!