Jabeek Diputazioaren jarrera salatu dute, ´erabakiak aldizkari ofizialaren bidez eman eta beste batzuen esku uzten baitute presionatu eta negoziatzeko eginkizuna`.
Urumeako autobideko Hernani eta Urnieta arteko ibilbidea egiteko, Mandazubi eta Bakero baserriak bota egingo dituzte eta bertako jabeek martxo alderako hustu beharko dituzte baserri eta ustiapenak. Baserri jabeak triste ezezik haserre azaldu dira ´Diputazioa erakusten ari den jarrerarekin`. Urruzola, Izagirre eta Goikoetxea familien izenean Hernaniko Kronikara bidalitako prentsa oharrean diote Aldizkari Ofizialaren bidez jakin dutela erabakiaren berri eta espropiazio baldintzak negoziatzeko eta ´presionatzeko` enpresa bat kontratatu duela Diputazioak, zuzenean berekin hitz egin beharrean.
Ordezko etxerik eza
Baserri jabeek Kronikari esan diotenez, ez dute bidea egin behar den edo ez eztabaida horretan gehiegi sartu nahi; prozesu guzti horretan afektatuak zein egoeratan gelditzen diren bidezkoa ez dela salatu nahi dute: ´inposatzen dituzten baldintzekin jabe horiek ezin badute beste inolako etxebizitzarik eskuratu, espropiazioa merkatuko prezioen erdia baino gutxiago ordaintzen bada, beren lurretatik zergatik bota dituzten ez dakiten adineko pertsonak botatzen badira... prozedura guzti horretan bada bidezkoa ez den zerbait` nabarmendu dute.
Baserrietako lurrak
Gaur egungo trafikoak bide berriak eskatzen ditu eta bideak egiteko lurrak ´geroz eta urriago diren lur horiek baserrietan baino ez daude eta baserriak harrapakin errazak dira edozein jarduera urbanistikorako` Mandazubi eta Bakeroko jabeen hitzetan. Betiko beren bizitoki izan den baserririk gabe uzten dute jendea eta inongo bermerik gabe, jabeek salatu dutenez ´adineko pertsonei ez diete esan ordezko etxerik izango dutenik ere, eta zer utzi behar dituzte kalean, espropiazioak taula batzuetan jartzen duena ordainduta?`. Belaunaldiz belaunaldi ´beren lurraldea gordetzen jakin dutenak inolako kupidarik gabe baztertzea` Gipuzkoa bezalako ´gizarte solidario batek` ezin duela onartu uste dute.
Diputazioa: ´reglatutako pausoak jarraitu dira`
Diputazioko Bide Azpiegituretarako departamentutik Kronikari esan diotenez, beste edozein proiekturen bide bera darama Urumeako autobidearenak. Ibilbide proiektua egina dago eta alegazioak aztertu dituzte. Orain, konstrukzio proiektua egin beharko da, obrak hasi aurretik eta 2007 bukaerarako egon liteke egina Hernanitik Andoainako zatia. Horrelako obretan ´interes orokorra` bermatzen dela esan dute Diputaziotik eta interes pribatuaren gainetik jartzen dutela hori azpimarratu dute.
Bestalde, Lur ordenamenduko departamentutik Kronikari esan diote, enpresa baten bidez jakin arazi zaiela jabeei balorazioa eta momentu honetan baldintzak negoziatzen ari direla enpresa eta baserri jabeak.
Baserri gehiago
Diputaziotik Kronikari esan diotenez, Mandazubi eta Bakeroz gain, baserri gehiago ere bota beharko dira Andoaindik Hernanirako autobidea egiteko: Andoainen Buruntza eta Urnietan Lekun, Almortzategi eta Kaltzada Berri.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!