Atzo, umeentzako festa izan zen arratsaldean eta dantza egiteko gogoz zeudenentzako ‘mestijaia’, iluntzean.
Gaur, San Antonio bezpera, festa haundia dute Ereñotzun eta egun guztiko egitarau trinkoa daukate prestatua. Goizean goiz diana joko dute txistulariek, batzuek erretiratu eta beste batzuk ateratzeko. Segidan trikitilariak ibiliko dira auzoan zehar giroa alaitzeko ahaleginean. Goizeko 11:30etan, Ttarla dantza taldeko gazteak izango dira emanaldia egingo dutenak eta eguerdiko 12:00etan, sagardo probatzea izango da Ur Mia elkarteak antolatuta. Elorrabi, Iparragirre, Elutxeta, Otsuenea, Larregain, Goiko Lastaola eta Olaizola sagardotegietako sagardoa probatzeko aukera izango du inguratzen denak. Arratsaldean urteroko bertso jaialdia izango da Maialen Lujanbio, Joxe Agirre, Jon Maia, Iñaki Zelaia, Amets Arzallus eta Julen Zelaietarekin.
Alboka taldearen kontzertua
Gaurko egunari errematea Alboka talde hernaniarraren kontzertuak emango dio. Joxan Goikoetxea eta Alan Griffinen eskutik folk doinuak entzuteko aukera izango da.
Atzo umeen eguna
Atzo, umeek gozatzeko eguna izan zen. Inaxitoren Ametsak antzerkian dantzan jarri zituzten ume eta gurasoak hiru antzerkilariek eta ondorenean festa eta txokolatea izan zen, eguraldiak barkatu zuen arte. Iluntzean helduxeagoen txanda izan zen Mal de Ojo eta Izotz taldeekin.
Bihar eta etzi ere festa
Bihar, San Antonio eguna, eta etzi, San Antonio bigarrena, festarako aukera izango du Ereñotzun, lanera joan beharrik ez duenak. yy
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!