Asteburuan ospatuko dira Portuko San Joan Txiki jaiak, urteroko asto karrera eta guzti

Kronika - Erredakzioa 2005ko abu. 24a, 03:00

UDARA bukatzera doan honetan oraindik ere badago festa egiteko aukerarik, izan ere asteburu honetan izango dira Portuko San Joan Txiki jaiak. Tradizio luzeko festak dira Portukoak eta asto karrerari erreparatu besterik ez dago, zenbatu diren asto lasterketak kontutan hartuta, 54garrena lasterketa izango baita aurtengoa. Ostiralean hasiko dira jaiak eta egun horretarako umeentzako ekintza ugari antolatu dituzte. Larunbatean goizetik hasiko da festa eta antolatzaileen esanetan arratsaldean egiten den asto lasterketan biltzen da astebukaerako jenderik gehiena. Igandean, euskal jaialdia izaten da: sagardo dastaketa, herri kirolak eta dantzariak izango dira, besteak beste. Ostirala, umeentzako festa Ostiralean umeek izango dute non gozatua. Goizeko 10:00etatik aurrera antolatu dituzte marrazki lehiaketa eta haurrentzako parkea eguerdira arte: puzgarriak, ohe elastikoa, parke txikia eta ollarekin. Arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara ere izango dute umeek haurrentzako parkean atzera eta aurrera ibiltzeko aukera. Goizean egindako marrazkiak eguerdian jarriko dituzte erakusketan. Arratsaldeko 18:30etan, haur jokoak antolatu dituzte: aulki jokoa, lokotxak, putxeroak, eta abar. Arratsaldean, urtero bezala, lorontzi txapelketa egingo dute. Antolatzaileek adierazi dute jendeak egun hauetan loreak edertzen aritu dela: ´azken egun hauetako euriak aprobetxatuz ikusi degu jendea loreak balkoira ateratzen loreak edertu eta txapelketan parte hartzeko` diote. Iaz 20 bat parte hartzaile aurkeztu omen ziren, 2 edo 3 lorontzi ere aurkezten dituzte batzuek. Sardina jatean ere jende asko bildu ohi da eta antolatzaileek 40 kilo sardina eskatu dituzte. Gauean Izotz taldeak dantzarako giroa jarriko du. Larunbata, 54. asto karrera Larunbatean egunsentia zalapartatxu hasiko dute, suziriak botako baitituzte. Antolatzaileek esanetan ´soinurik aterako ez balute ez lirateke portuko festak izango`. Goizean jokoak eta pailazoak izango dira haurrentzat eta bazkalondorenean mus txapelketa eta umeentzako tailerrak. Arratsaldeko 18:00etan 54garren asto karrera ospatuko da. Aurten 6 asto ekarri dituzte eta ikusiko da jockey-ek zein mozorro prestatu dituzten famatu egin den ekitaldi honetarako. Gauean dantzaldia izango da Laiotz taldearekin. Igandea, euskal festa Igandean euskal jaialdia izango da: bertsolariak, bazkaria, dantzariak eta herri kirolak. Gauerdian amaiera emango zaie festei zezen suzko, suziri eta trakarekin. Etxabe anaiek, triki doinuz, girotuko dute festetako azken gaua. Abuztuak 26, ostirala 10:00 Marrazki eta pintura lehiaketa. 11:00-13:00 Haurren parkinga: puzgarriak, ohe elastikoak, parke elastikoak, parke txikiak eta olla. 12:00 Jaien hasiera suziriekin. Buruhaundi eta txistularien irteera auzoan zehar. 13:00 Auzoko gazteen marrazki erakusketa. 16:00-19:00 Haurren parkinga. 17:00 Herri kirolak umeentzako. 18:00 Lorontzi lehiaketa. 18:30 Haur jokoak. 19:00 Tute txapelketa ‘Pedro Mari’ tabernan. 20:30 XVI. Sardina jatea. 23:00 Dantzaldia ‘Izotz’ taldearekin. Abuztuak 27, larunbata 08:00 Egunsentia, 70-CLBeko suzirien jaurtiketarekin. 08:30 Batxuri-zopa goiztiarrentzat. 11:00 Haur jokoak. 12:00 Patxin eta potxin pailazoak. 16:00 Mus txapelketa ‘Shangay’ tabernan. 16:00 Umeentzako tailerrak. 18:00 LIV. Asto Lasterketa. Ondoren Zinta lasterketa izugarrizko opariekin. Segidan Denak afaltzera gauerako indarrak hartzeko. 24:00 Dantzaldia ‘Laiotz’ taldearekin. Abuztuak 28, igandea 08:00 Egunsentia, 70-CLBeko suzirien jaurtiketarekin. 08:30 Txokolatada goiztiarrentzat. 09:30 Diana txistulariekin. 11:00 Meza auzoko hildakoen alde. 12:00 Sagardo probaketa, Oihane, Itxaso eta Maialen trikitilariekin alaituta. Sagardotegiak: Eula, Olaizola, Otsua-Enea, Iparragirre, Elorrabi, Itsasburu, Rufino, Akarregi, Alberro eta Altzueta. 12:30 Hernaniko Bertso Eskolako partaideen emanaldia. 13:00 XXXI. Toka eta Bote lehiaketa plazan. 14:30 Auzo bazkaria. 18:00 Hernaniko ‘Tlarla’ taldearen dantzaldia. Amaieran Euskal jaialdia: Nafarroa eta Gipuzkoa taldeen arteko lehia herri kiroletan. Segidan, Miren Urkola bizkaitar harrijasotzailearen erakustaldia. Ondoren Dantzaldia ‘Etxabe anaiak’ taldearekin. 23:00 Dantzaldia eta jaien amaiera ‘Etxabe Anaiak’ taldearekin. Zezen suzkoa, koloretako suziriak eta azken traka.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!