Aurrekoan aipatu moduan hiru puntu nagusi daude honelako arau subsidiario batzuei kritika egiteko: Informazioa, aukera ekonomikoak eta erabaki moduak. Informazioak boterea eskaintzen dio zentralizatzen duenari edo zabaltzen ez duenari. Honela plan bat egiten duenak bere interesak lasai asko ezkuta ditzake menperatzen dituen medioen arabera; komunikabide eta propaganda, arau juridiko ulertezinak, botere ekonomiko eta politikoaz nahasirik noski. Udalak badaki zeinek pagatzen duen eta zeinek jaso nahi duen eta beraz, gezurra da herri guztiarengan pentsatzen eginiko plangintza dela eta udaleko talde politikoak interesaturik ez daudela. Ezin froga, bainan ezin uka. Datu moduan, Estatu Espainiarrean korrupzio tasak obra publikoetan %40-ra iristen direla eta kapitalaren akumulazioaren %50-a diru beltzean egiten dela. Bi datuok nahikotxo dira. Udalak dirua eta boterea ongi akumulatu eta zentralizatzea du xede eta beraz, aukera ekonomikoak dituzten biztanleak bakarrik saritzen ditu, giza desberdintasun eta klase kontraesanak areagotuz. Honek azken plano batetara garamatza; erabakiak ez direla demokratikoak, ez politikoki eta ez ekonomikoki. Herritar bezala nik egiten dudan eskaria honakoa da: Debate publikoa, informazioaren deszentralizazioa, aukera ekonomikoen berdinketarako jarrera eta arau subsidiarioak modu demokratikoan egitea berma dadila, bai politikoki zein ekonomikoki.
Bixintxo Zabala
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!