Haurrentzako festa eta kontzertua gaur Ereñotzun

Kronika - Erredakzioa 2005ko eka. 11a, 03:00

Antzerkia, jaialdia eta txokolatada dira haurrentzat. Gauean Izotz eta Mal de Ojo taldeen kontzertua izango da.

Atzo hasi ziren San Antonio jaiak Ereñotzun eta asteartera arte festa giroa izango da bertan. Festa hasieran Txirrita eskolako haurrek guraso eta inguruko jendearentzat festa egin zuten. Arratsaldeko 20:00etan, berriz, Ereñotzuko Ozenki abesbatzaren kontzertua izan zen, eta San Antonio eliza betean ospatu zuten sortu zeneko hamargarren urteurrena. Goizaldeko 00:00etan omenaldia egin zitzaien auzoko preso (Inma Noble, Kepa Pikabea, Angel Pikabea eta Gotzon Aranburu) eta iheslariei eta lore eskaintza egin zioten Juanito Oiarbide Txilibita zenari. Ondorenean rock kontzertua izan zen Hernaniko Afonia, Kudai eta The Solano’s Band taldeen eskutik.
Bola eta toka goiz eta arratsaldez Gaur bola eta toka txapelketak hasiko dute eguna. San Antonio saria izango da, probintzi mailakoa eta Hernaniko txapelketarako puntuagarria izango dena. Arratsaldean ere izango da botatzeko aukera.
Umeentzako festa Arratsaldean hasiko da umeentzako festa, Inaxitoren Ametsak antzezlanarekin. Gorka Tolosa hernaniarrak eta Ibai Esoain eta Xabier Sukia oriotarrek egiten duten antzerkia da eta bertan herrialdez herrialde ibiliko da Inaxito bere ametsetan, tokian tokiko jende eta animaliekin saltsan. Ondorenean, berriz, umeentzako jaialdia izango da. Festa antolatzaileek Kronikari esan diotenez dei egiten diete neska-mutil guztiei festara mozorrotuta azaltzeko, saria ere izango baita.
Gauean mestijaia Goizaldeko 00:00etan mestijaia hasiko dute Izotz eta Mal de Ojo taldeek. Bi taldeetan daude Ereñotzuko kideak eta urtero xamar izaten dira auzoko festetan. Parrandarako indarrak dituenak DJ Belak jarritako musika izango du goizaldeko ordu txikietararte.
Egun fuerteak bihar eta etzi Igande eta astelehenean izango dira egunik fuerteenak Ereñotzun, San Antonio bezperan eta egunean. Igandean sagardo probaketa, Ttarla dantza taldearen emanaldia, bertso jaialdia eta Alboka taldearen kontzertua daude, besteak beste. Astelehenean Herri kirolak, bertsolariak, artzai txakur erakusketa, herri afaria eta bertso antzerkia izango dira. Asteartean Irubidietan eta Ugaldetxon izango da festa.
Egitaraua: Ekainak 11, larunbata: 10:00 eta 17:00 Bola eta toka txapelketa. Probintzi mailako San Antonio txapelketa. Hernaniko txapelkerako puntuagarria. 17:00 Inaxitoren ametsak haurrentzako antzerkia, futbol zelaian. Ondoren, haur jaialdia eta txokolatada. Mozorro festa. 19:00 Meza, San Antonio Parrokian. 00:00 Izotz eta Mal de Ojo taldeen kontzertua. Ondoren DJ Bela txosnan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!