Eztabaida izateko ´proposamen-dokumentu bat behar dela` uste dute. Nabarmendu dute aurkeztutako alegazio denak ´banan-bana` ari direla aztertzen.
Gobernu Batzarrak prentsaurrekoa eman zuen atzo ´talde zenbaitek, ezker abertzalearen ingurukoak gehienak` Hernaniko arau subsidioarioen proiektu proposamenaren aurrean egindako adierazpenen inguruan.
Udalbatzako taldeak
Zenbait puntutan laburbildu du bere ikuspuntua Gobernu Batzarrak:
1) Udalbatza osatzen duten alderdi guztiak (EA, PNV, PSE, EB eta PP), Arau Subsidiarioen egitasmoaren tramitazioa hastearekin ados daude, ´hau da, ia hernaniarren %70aren ordezkari diren alderdi hauen guztien babesari esker herriaren etorkizun urbanistikoari buruzko eztabaida prozesua hastea erabaki zen`, nabarmendu dute. Beren hitzetan horrek ez du esan nahi Udalean dauden talde politikoek dokumentua osorik bere egiten dutenik baina ´Hernanik datorren 10 edo 15 urteetan nolakoa izan beharko duen erabakitzeko orduan gizarte eragile, politiko eta ekonomikoen eta herritar guztien parte hartzearen aldeko apustua` egiten dutela esan dute.
2) Arauen tramitazioak ´adostasunaren eta eztabaidaren aldeko apustu garbia` egiten duela azpimarratu dute. Dokumentua bertan behera uzteko zenbait taldek egindako eskariaren aurrean Gobernu Batzarrak dio eztabaida bertan behera uztea litzatekeela. Eta araurik gabe ´aldian-aldiko gobernatzaileei hirigintza nahi erara antolatzen` uzten zaiela uste dute.
3) Gaurko gobernuak ´etxebizitza merkatuan eragiteko apustua` egiten duela diote ´etxebizitza babestuen aldeko politika aktibo bat bultzatuz, zeinen bidez etxebizitza berrien erdiak, gutxienez, babes mailaren bat izan behar baitute`. Herria biziberritzearen alde (AMR eta inguruko enpresak Floridatik aterata) eta auzoetara bideak berritzearen alde ere egiten dutela esan zuten atzo.
Parte hartzeko deia
Gobernu batzarreko kideek jakitera eman dute ´klase eta maila guztietako jendea eta joera politiko guzti-guztietakoa` ari dela beren ekarpenak aurkezten. Horren bueltan esan dute ´aurkeztutako alegazio guztiak, salbuespenik gabe` ari direla banaka banaka aztertzen eta nabarmendu dute ´ziur aski horietako asko eta asko` onartuko direla, ´Hernani berriaren garapen orekatu eta harmonikoa lortzearren testu berri integratzaile bat osatzeko`. Une hauetan ´dena irekia` dagoela esan du gobernu batzarrak ´eztabaidaren ondorioz aldaketak egiteko`.
Arau subsidiarioen proiektua Biterin dago ikusgai eta uztailaren 18 arte aurkeztu litezke alegazioak.
Gobernu batzarra: ´Debate hau ez da eman 12 bat urtean`
Atzoko prentsaurrekoan Joxan Rekondo alkateak esan zuen badirela 12 urte Hernanin marko urbanistikoaren inguruko debaterik izan ez dela. ´Aurreko legegintzaldian ere debatea hasi zitekeen eta erreferenduma egin, baina, Gobernu taldeak ez zuen garrantzitsua ikusi. Guk uste dugu debatea izatea garrantzitsua dela` azpimarratu du.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!