Udalak egindako arau subsidiario proiektu proposamenaren aurkako jarrera azaldu du Elkartzen taldeak, Kronikara bidalitako prentsa ohar batean. Beren hitzetan Erreferendum bidez erabaki beharko lirateke herrirako arau berriak ´Hernaniko Udaletxean proposamen honi babesa ematen dioten alderdi politikoak zentsoaren % 38,7 bakarrik osatzen dutela kontuan harturik`. Zenbait puntu azpimarratu dituzte arauen kontra (laburtua):
´a) Hernanin 1000 etxe hutsik egonda, beste 4.500 eraiki nahi dituzte eta galdetzen dute non gelditzen diren Mercado zinegotziak agindu zituen neurriak.
b) Zer nolako araudia izango du lokalak etxebizitza bihurtzeko legedi berriak, espekulatzeko sistema berri bat izan ez dadin?
c) Zenbat Etxe alokatu ditu Madrazo Konsejeroak Bizigune programarekin?
d) Madrazok bultza duen politikak, hau da, etxe gehiago egiteak, zenbat merketu du etxebizitzen prezioa?
e) Zer nolako azterketa egin du Udal gobernuak 4.500 etxebizitza gehiago eraikitzeko beharra ikusteko?
f) Agintariek bultzatzen duten etxebizitza politika ados dator espekulatzaileen nahiekin.
g) Arau subsidiarioetan ez da planteatzen irtenbiderik Hernanik dituen arazo sozialentzat (osasun zerbitzu eskasa, ongintzako zerbitzuak, kirol azpiegiturak, kultur etxeko gabeziak, garraioa...).
h) Proposamen honek ez die aurre egiten inposatu nahi dizkiguten azpiegitura tranpa guztiei (AHT, bariante berriak, antenak)...
i) Udal Gobernuko proposamenean Hernani Donostiako (edo Euro-Hiriko) auzo moduan ikus daiteke`.
Zenbait gogoeta
Elkartzenek nabarmendu du beren iritziz arau subsidiarioak ikuspegi sozial batetik finkatu behar direla, eta egin beharreko etxeak ´Hernaniko herritarren hazkunde beharren araberakoa` izan beharko duela. Oraingo etxe hutsak konpondu eta erabiltzearen garrantzia azpimarratu dute eta etxebizitza antolamenduaz gain, arauek ´herriak dituen beste arazoei` aurre egin behar diela: ´zerbitzu sozialak, osasuna, garraioa, bizikidetza, hezkuntza, kultura, kirola...`
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!