Egun osoko ‘hip-hop’ jaialdia izango da larunbatean Tilosetan

Kronika - Erredakzioa 2005ko eka. 9a, 03:00

LARUNBATEAN hip-hop kulturaz gozatzeko aukera izango du Tilosetara joaten denak. Bertan jaialdia antolatu dute, hip-hopa osatzen duten dantza, musika eta pentsaera uztartzeko. Jaialdia antolatzen aritu da Aritz Usandizaga hernaniarra (Selektah kolektiboko Aritz Sound Sistem). Berak, Kronikari adierazi dio jaialdi honekin nahi dutela ´jendeari hip-hoparen mundua zer den erakutsi`.
Hip-hop-aren espresio ezberdinak Hip-hop-a AEBko auzo pobreetan sortutako kultura da eta bere barruan espresio ezberdinak biltzen ditu: ´Scratch izenekoa da binilo eta platoekin musika egitea` dio Aritz-ek, ´musika sortzeko tresna bihurtzen dira eta ez bakarrik musika jartzeko`. Break dantzari buruz ere hitz egin digu Selektah-koak eta dioenez, espresio korporala lantzen da bertan. Horretaz gain, graffitiak eta skate edo rollerra ere hip-hop kulturaren barne dira.
Jaialdia Tilosetan Larunbaterako antolatu duten jaialdia egun osokoa izango da. Goizeko 11:00etan hasita graffiti, scratch eta break dantza tailerrak egingo dituzte Tilosetan. Graffitiak egiteko panelak jarriko dituzte eta gero ikusgai egongo dira. Tailerrak monitoreek lagunduta egingo dira: Donostiako Intxaur Break, taldea break dantza tailerrean; Selektah-ko Zigor, scratch tailerrean; eta Iñaki, graffitienean. Eguerdian atsedenaldi bat egingo dute bazkaltzeko, baina musika ez da geldituko. Arratsaldeko 17:00ak aldera jaialdiak jarraituko du rap abeslariekin. Aritz Usandizagak Kronikari adierazi dioenez zaletasun haundia dago gazteen artean eta asmoa da ´gazte horiei aukera bat ematea, rap-a kondizio egokietan abesteko`, dio. Gutxi gorabehera 10-15 abeslari izango dira, horietatik hiru hernaniarrak. Horretaz gain, Euskal Herri osotik etorritako break dantzarien erakustaldia ere egongo da eta frontoian skate pista bat jarriko dute.
´Momentuko beharra` Jaialdiak edizio gehiago izango ote dituen galdetuta, Usandizagak Kronikari esan dio jaialdia ´momentu honetan dagoen behar bati erantzuteko` antolatu duela, baina ez du alboratzen segida izango duenik. Jaialdia Udalaren laguntzarekin antolatu da.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!