OSIÑAGAKO festek aurtengoak egin dituzte eta eguraldiak lagunduta giro ederra izan da asteburuan Arriatsu eskolan. Atzo goizetik ez zen musika falta izan auzoan, trikitixa, pandero eta saxofoiaz gain Osiñaga Jazz Band taldeak ere emanaldia eskaini zuen eta iluntzean Xapre taldeak dantzarako giroa jarri zuen.
Pelotako finalak
Parranda egiteaz gain auzotarrek sasoian ere badaudela erakutsi dute festetan. Batetik binakako pelota txapelketan aritu dira eta atzo jokatu zen finala. Juantxo Bergaretxe eta Felix Etxeberriak 22 eta 13 irabazi zuten Loretxo Bergaretxe eta Joxe Mari Bergaretxeren kontra.
Auzo kiroletan ere aritu ziren atzo, bazkalostean, trontzan, txingan, sokatiran eta zaku karreratan, besteak beste. Bazkarian jan eta edandakoa nolabait ere erre behar.