Ozenki abesbatzak 10garren urteurreneko kontzertua eskainiko du hilaren 10ean

Kronika - Erredakzioa 2005ko eka. 5a, 03:00

OZENKI abesbatza sortu zenetik 10 urte pasa dira eta hori ospatzeko kontzertu berezia eskainiko dute San Antoniotan, Ereñotzuko festetan. Kontzertua ekainaren 10ean izango da, arratsaldeko 20:00etan, Ereñotzuko elizan. Kontzertu honek duen berezia da 10 urte hauetan Ozenki abesbatzan kantatzen aritutako pertsonak daudela gonbidatuta eta egun horretan 75 bat pertsona izango dira abesbatzan. Ozenki abesbatzako ahotsak laguntzeko musika instrumentuak ere izango dira: eskusoinua, tronpeta, bateria eta tronpa besteak beste. Imanol Kamio, abesbatzaren sortzaile eta zuzendariak, adierazitakoaren arabera denetatik entzuteko aukera izango da kontzertu honetan: mezetarako pare bat abesti, folklorea eta gospela, besteak beste. Eredu berriak lantzen Ozenki abesbatzak gaur egunean 38 ahotsek osatzen dute: soprano, kontra alto, tenore eta bajoek. Imanol Kamiok azaldutakoaren arabera bide berriak bilatzen ari dira ´abesbatzen betiko topikoetatik urrundu eta jendearengana hobeto iristeko` dio. Abesbatzari ukitu berezia eman nahi diote eta horretarako teknika lantzen ari dira eta musika instrumentuak ere sartzen ari dira. San Antoniotako kontzertua grabatu egingo dute, ´geure burua entzun eta hobetu dugun ala ez jakiteko` dio.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!