Hernaniko bolariak Euskadiko txapelaren bila arituko dira gaur Ereñotzun

Kronika - Erredakzioa 2005ko eka. 4a, 03:00

Euskadiko Bola txapelketa txandan-txandan herri ezberdinetan jokatzen da urtero eta aurten Hernanin jokatuko da, Ereñotzuko Ur-Mia elkarteak antolatuta. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako bolariek hartzen dute parte, eta herrialde bakoitzeko txapelketetan ondoena ibili direnak lortzen dute Euskadirako postua. Denera 46 bolari hartuko dute parte, probintzia bakoitzeko 15ek eta iazko txapeldunak. Hernanitik hiru bolari sartu dira txapelketan, Erregularitatean egindako lanari esker: Migel Burugain, Ibon Miner eta Joxe Ugalde. Sei bolako bi txanda izango dituzte, zozketak agindutako eran. Hernaniarrak animoso eta esperantzaz daude, txapela jaztea lan zaila dela aitortu arren. Irabazi ezkero, Hernaniko bolari bat Euskadiko txapeldun gelditzen den aurreneko aldia izango litzateke. Entrenamendua Entrenamendu aldetik, desberdin jokatu dute hiru bolariek. Migel Burugainek aitortu du txapelketa garaietan maizago joaten dela bolatokira, eta Euskadikorako egunero aritu da entrenatzen. Normalean Benta Berrin aritzen da eta ostegunean, Ereñotzun bertan aritu zen. Ibon Miner ez da maiztasun jakin batean ibili, baina, entrenamendu saio luzeak egin ditu gaurko egunari begira. Entrenamendu berezirik egin ez duen bolari bakarra Joxe Ugalde da. Urtean zehar ere, txapelketa edo sariketetako tiraldia izaten du entrenamendu. Hala ere, ostegunean buelta egin zuen Ereñotzura bolatokia probatzera. Bi beteranoenek, Burugain eta Ugaldek, Miner gaztea jotzen dute gaurko faborito nagusi. Baina, hori bai, «gu ere ez gera atzean geldituko eh!» esaten dute. Nolanahi ere, hirurek garbi ikusten dutena da txapela Gipuzkoan geldituko dela, bizkaitarrak eta arabarrak bola klase horrekin ohitu gabeak daudelako. Era berean, Bizkaian edo Araban jokatzen denean, Gipuzkoarrak atzean gelditzen dira normalean. Denboraldi gorabeheratsua Ilbeltzean hasi zen bola denboraldia eta bolari hernaniarrek orokorrean gora-behera dezenterekin ibili dira orain artekoan. Migel Burugain eta Ibon Miner ibili dira ondoentsuena. Burugainek hirugarren egin du liga modura jokatzen Gipuzkoako Erregularitate txapeletan. Ibon Miner bera gelditu zen laugarren postuan. Ereñotzuarra hasi egin zen makal antxa, baina, gero aste batzuetan lider ere egon zen. Sari banaketa bazkalondoan Euskadiko Txapelketa jokatu ondoren, parte hartzaile eta antolatzaileek bazkaria izango dute Ur-Mia elkartean, eta bazkalondoan egingo da sari banaketa. Irabazleak txapela eta trofeoa eramango ditu. Bihar beste txapelketa bat Bihar, igandea, Zerainen ume, beterano eta emakumeen Gipuzkoako Bola txapelketa jokatuko da. Emakumeetan, Hernaniko bakarra Zerainen izango da bihar, Rosa Mari Santos. «Hernanin bolan gazterik ez dator eta horretan guk ere kulpa pixka bat izango degu» Hernanin bolak indar haundia du oraindik, baina, aurrera begira arazo serioa du: gazterik ez dator. Bolariek aitortu dute berak ere badutela kulpa egoera horretara iritsi izateko, gazteak ekartzeko gauza izan ez direlako. Zenbait herritan egoera horri buelta eman ari direla ikusita, uste dute Hernanin ere bolari laguntzeko bideak jarri behar direla. «Seguran, Lasarten, Urnietan... hor gazteak mugitu dituzte, ikastolan ere bola erakusten zaie. Aurten, adibidez, Seguratik ume koadrila dezentea omen da joatekoa umeen txapelketara» dio Burugainek. Gainera, adierazi du, bidea jarri ezkero, bera laguntzeko eta bolan erakusteko prest dagoela. Bolan fenomeno kurioso bat ematen omen da. Gaztetan zaletzen direnak, gero parranda garaian erdi-utzi egiten omen dute, besteak beste tiraldiak igande goizetan direlako. Gero berriro ekiten diote bolari. «Bai, bai, hori horrela da», diote. Bolatokia bistan Bolak aurrera egingo badu, oso garrantzitsu jotzen dute bolatokia herri barruan eta bistan egotea. Hernanin, Jubilatutakoa dago herri barruan, Goiz Eguzkin eta orain berria egitekoa dute. Burugain, Miner eta Ugaldek, ordea, ez dute uste Goiz Eguzkiko leku hori jendea biltzeko toki egokia denik, «bertan dago, baina, aparte, izkutuan, eta bolatokiak jendearen bistan behar du» irizten diote. Ereñotzuko kasua jarri du Ibon Minerrek adibide. «Soziedade aurrean zegoenean, jende pilak izaten ziren begira. Gero, futbol zelaian ondoan egin zuten berria eta bola bota behar dugunok bakarrik joaten gera orain». Alde horretatik, bolatokia Hernani erdian bistan eta merke jartzeko aukera ikusten du, adibidez, Urbieta kale azpikaldean, Latsunbeko frontoi txikiaren inguru horretan. Hiru klubak bildu eta Udalari proposamen bat aurkezteko idea ere aipatu dute. Nolanahi ere, bolan hasteko gogoa duenak, badu aukera. Benta Berrin (Florida), ostegun goizean eta larunbat arratsaldean biltzen dira, (09:00-10:30/16:00-18:00). Ereñotzun hasi nahi duenak, Ibon Minerregatik galdetu. Bizi osoa bolan Hiruretan, Joxe Ugalde da zaharrena, eta palmares haundiena duena ere bai. Ugaldek hirurogeita hamar urte ditu eta 13 urterekin hasi zen bolan, Irubidietan. Epelekoak bere aurrekoak ere bolariak zituen. Bola kakuan botatzen omen du, eta bere ibilbide luzean ia sariketa garrantzitsu denak irabazia da: Erregularitatea, Binakako Txapelketa, Taldeka Elur-Txorirekin... Euskadikoa falta zaio. Migel Burugain ere umetan hasi zen bolan 12-13 urterekin. Orain 65 ditu. Akerregin, etxe ondoan bi bolatoki zituen eta han orduak eta orduak egina da. Bola zuzen botatzen omen du. Taldekako txapela irabazia du eta Gipuzkoako txapelketa ere bai. Erregularitate txapelketan hirugarren egin du aurten. Iaz Euskadiko txapelketan Burugain izan zen aurreneko gipuzkoarra. Benta Berriko bolatokiaren martxa berak daramaki. Ibon Miner da hiruretan bolari gazteena, 30 urte ditu. Ereñotzuarra bere aitarekin hasi zen bolan, Antonio Minerrekin. Bolada hartan auzoko gazte asko Migel Arrozpiderekin aritu ziren bolan ikasten, baita Ibon ere. Bola indarrean botatzen du Miner gazteak. Aita eta biak Binakako txapelketa irabazi zuten. Aurten, Erregularitate txapelketan laugarren egin du, baina, lider ere egon da. Ereñotzuko bolatokia berak daramaki eta Federazioan ere ardurak izan ditu. Toka txapelketako finala ere gaur jokatuko da Ereñotzun Aurreko astean jokatu zen Toka txapelketako kanporaketa eta gaur jokatuko da finala Ereñotzun, goizeko 10:00etan hasita. Hogei jokalari sailkatu dira, eta horietatik bi hernaniarrak: Pedro Oiarbide eta Leandro Miner. Denera, sei fitxako zortzi txanda izango dituzte eta aurreko astean gutxiena bota zituena hasiko da. Sari banaketa Ur-Mia elkartean egingo da bazkalondoan, Bolakoarekin batean.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!