HERNANIKO ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 4, 5 eta 6garren mailako ikasleak Hernani eta Ingurumena programan lanean aritu dira ikasturte osoan. Aste honetan, ekainaren 5ean ingurumenaren eguna dela ikusita, egindako lana ikastetxetik kalera atera dute. Programa honen helburua da, besteak beste, ikasleek herriko ingurugiroa hobeto ezagutzea.
Batetik erakusketa jarri dute larunbata arte Biterin, ura, hondakinak eta landaretzaren bueltan. Biteriko erakusketa aretoan besteak beste, Añarbetik aurrera uraren zikloa erakusten duen maketa dago.
Ikasleak herriko lorezain
Aste honetan lore landaketak egin dituzte Lehen Hezkuntzako 5garren mailako ikasleek, aste betez herriko lorezain lanak eginez. Nere Borda eta Atarrabiyoko lorategietan aritu dira, aitzur txikiak hartu eta inguruak lorez apaintzen. Horrekin batera jendeari postalak banatu dizkiete lore eta lorategien aldeko proposamenak idatzi eta agenda 21eko buzoietan sartzeko. Parte hartzen dutenen artean saria zozketatuko da.