Euskarazko heziketa zikloetan matrikulatzeko deia egin dute

Kronika - Erredakzioa 2005ko eka. 1a, 03:00

eKAINAREN 8ra arte dago aukera heziketa zikloetan izena emateko eta hori ikusita euskarazko zikloetan izena emateko deia egin diete ikasleei, Buruntzaldeko Udaletako eta ikastetxeetako ordezkariek. Atzo, Lasarten egindako prentsaurrekoan aurkeztu zuten Aukera ezazu izeneko kanpaina hau eta bertan bildu ziren Buruntzaldean euskarazko eskaintza duten ikastetxetako ordezkariak, tartean Patxi Apezetxea Hernani Institutuko zuzendaria; Buruntzaldeko Udaletako ordezkari bat; Lasarteko Berritzeguneko ordezkari bat eta Heziketa Zikloetarako euskarazko materiala sortu eta egokitzeko koordinatzailea, Xabier Aramendi. Hezkuntza eta lan mundua euskalduntzeko erronka Prentsaurrekoan adierazi zutenez Aukera ezazu kanpainaren helburua da ahalik eta ikasle gehiena animatzea euskarazko heziketa zikloetan matrikulatzera. Horrela lanbide heziketa eta lan mundua gero eta euskaldunagoa izatea eta elebitasuna bermatzea lortu nahi da. Buruntzaldean 27 ziklo aukeran, Hernanin 5 Buruntzaldean guztira 27 heziketa ziklo daude euskaraz eta Hernani Institutuan daude horietako 5. Erdi mailakoak dira Mekanizazio eta Ekipo eta Instalazio Elektronikoak. Hernanin dauden goi mailako zikloak dira: Proiektu Mekanikoen Garapena, Instalazio Elektroteknikoak eta Gizarte eta Kultur Animazioa. Prentsaurrekoan adierazi zuten zikloak euskaraz eskaintzea, kasu batzutan, matrikulatzen diren ikasle kopuruaren arabera dagoela.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!