Etiopiako umezurtzentzat dirua biltzeko bazkaria egingo da ekainaren 19an Tilosetan

Kronika - Erredakzioa 2005ko eka. 1a, 03:00

Angel Olaran misiolari hernaniarrari bidaltzeko dirua biltzen du Hernaniko lagun eta talde multzo batek urte guztian zehar eta ekainaren 19an bazkaria antolatu dute, bilketa honi beste puska bat eransteko. Bazkaria Tilosetan izango da eta txartelak 15 eta 7 eurotan daude salgai, heldu eta umeentzat Aralar eta Kixkal tabernetan, Jaione konjelatuetan, Galerias Buen Precion, Iruretagoienan, Goiz Eguzki jubilatu etxean eta Biteri kultur etxean. Horrez gain, bazkarira joan gabe lagundu nahi duen jendearentzat ere laguntza bonoak badaude 3 eurotan. Txartel eta bono hauek Miguel Lujanbiok ere saltzen ditu eta datorren ostegunean ferian ere egongo da lagun talde bat saltzen, 12:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara.
Wulkroko umezurtzekin Angel Olaran hernaniarrak 15 urte daramazki Etiopiako Wulkro herrian. Bertan 1.200 umezurtzekin egiten du lan Olaranek eta egunero 5 ume berri hartzen dituela ere adierazi digute, diru biltzen ari diren hernaniarrek. Orain, ordea, arazoak ditu gehiago hartzeko, dagoeneko asko baitira horiek eta Etiopiako Gobernuak janari laguntza murriztu baitu ´ez duelako nahi etiopiarrak karidadetik bizitzea`. Arazoa da, ordea, laguntzarik ezean jendea gosez hiltzen dela, jendeak duen errekurtso falta medio. Diru premia haundia da, goseari aurre egitea delako helburu nagusietako bat. Olaranek kontatzen du Wulkrora joan zenean arbola bakarra zegoela han eta gaur egun nekazal eskola bat dauka 350 ikaslerekin (terrenoa Gobernuak eman zien Apaiz Zuriak taldeari). Gazta, baratza (dauzkaten ur tantak ondo aprobetxatuta), bordatu tailerrak, boltsak, errementaritza, arotza, ebanisteria eta abar luze bat ikasten dituzte eta eskolako ikasgai guztiak: ingelesa, matematika, informatika... Olaranek esker oneko hitzak izan ditu horrelako ekimenak antolatu eta parte hartzen duten guztientzat ´horrelako laguntzarik gabe kalean bukatuko baitute neska mutil hauek eta gizonen bortizkeria jasan beharko dute`.
250 bazkaltiar behar Diru biltzeko bazkaria catering batek prestatuko du, aukerarik egokiena hori baita, antolatzaileek nabarmendu dutenez. Catering enpresak jartzen duen kondizioa, ordea, 250 lagunetik gora biltzea da eta horretan ahalegindu behar dute antolatzaileek.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!