Urumea ikastolako ikasleek hondakinen inguruko azterketa aurkeztu diote Udalari

Kronika - Erredakzioa 2005ko mai. 31a, 03:00

Eskola Agenda 21 programaren barruan, Urumea ikastolako Lehen Hezkuntzako ikasleak hondakinen azterketa egin dute.

uRUMEA ikastolako Lehen Hezkuntzako haurrek hondakinen inguruko azterketa egin dute ikasturte honetan eta jasotako ondorioak aurkeztu zituzten atzo, alkate eta zinegotzien aurrean. Azterketa honetan ekarpenak eta proposamenak ere bildu dituzte eta horiek Udalari iritsarazi dizkiote. Ekimena Eskola Agenda 21 proiektuaren barruan sartzen da eta helburua du, azaldu dutenez: batetik, ikastetxeen parte hartzea bultzatzea eta bestetik, gazteei aukera eskaintzea herriko bizimodu eramangarriago baten alde lan egiteko. Egindako lanak Urumea ikastolako Lehen Hezkuntzako ikasleek ekintza asko egin dituzte, Udaletxean aurkeztutako azterketa osatzeko. Hondakin mota ezberdinak bereizi dituzte eta hondakinak gutxitu eta berrerabiltzearen alde lan egin dute. Herrian gero eta zabor gehiago sortzen dela ere ikusi dute. Ikastetxetik kanpo egindako ekintzetan, kale garbiketa egin dute, kontainerren egoera eta erabilera aztertu dute, Urumea ibaiko zaborra aztertu dute eta etxekoei, herritarrei eta dendariei inkestak egin dizkiete, besteak beste. Aurkezpenaren inguruan ikasleek hartutako konpromisoak irakurri zituzten eta herritarrei eta Udalari proposamenak luzatu zizkieten. Udalari proposatu zioten kontainer gehiago jartzea, kaleak maizago garbitzea eta ontziak dendetara itzultzeko kanpaina egitea, besteak beste.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!