Eguneko festa eta gaueko parranda aukeran San Antoniotan, Ereñotzun

Kronika - Erredakzioa 2005ko eka. 8a, 03:00

Datorren ostiral ilunabarrean hasiko dira festak eta asteartean bukatuko dira, San Antonio bigarrenean. Ardi zakur erakustaldia izango da nobedadeetako bat.

Datorren ostiralean hasiko dira San Antonio jaiak Ereñotzun eta asteartera arte izango da non gozatua. Aurten ere egunez ekitaldi dezente izango dira eta gauean kontzertu eta berbenak parrandan segi nahi duenarentzat. Nobedade nagusia artzai txakur erakustaldia izango da aurten, astelehenean, San Antonio egunarekin, Fagollagako zelaian.
Ostiral eta larunbat gauak Ostiral eta larunbatean gauez ibiltzen da jende asko Ereñotzun eta festa gehiena hor izango da asteburuan. Ostiralean, rock kontzertua izango da aspaldiko partez: Afonia, Kudai eta The Solano’s Band Hernaniko taldeek emango dute kontzertua. Aurretik omenaldia egingo zaie auzoko preso, iheslari eta deportatuei. Horrez gain, Ozenki Abesbatzaren hamargarren urteurreneko emanaldia ere ostiralean da, ilunabarrean. Larunbatean, Izotz eta Mal de Ojo taldeek mestijaia egingo dute eta giroa ziurtatua izango da. Kontzertu ondorenean dantzan segi nahi dutenentzat, DJ Bela hernaniarra ariko da derizkion musika jartzen.
Igandetik asteartera eguneko festa Igande, astelehen eta asteartean eguneko festa nagusituko da Ereñotzun. Igandeko sagardo probatzean Elorrabi, Iparragirre, Larre Gain, Elutxeta, Otsuenea, Goiko Lastaola eta Olaizola sagardotegietako sagardoa izango da aukeran. Bertso saioan, berriz, Maialen Lujanbio, Joxe Agirre, Jon Maia, Iñaki Zelaia, Amets Arzallus eta Julen Zelaieta ariko dira kantuan. Ondorenean, berriz, Niko eta Dominika Etxart eta Robert Landaburuk kontzertua emango dute. Astelehenean herri kirolak izango dira eguerdian hasita: aizkoran M. Cañamares eta J. I. Flores eta harri jasotzen J. A. Gisasola Zelai eta A. Landarbide. Festa girotzen Mendiluze eta Sorozabal bertsolariak izango dira. Arratsaldean, berriz, artzai txakur erakustaldia eta bertsolariak izango dira eta herri afaria eta Hernaniko Bertso eskolak egindako kale antzerkia gero. Asteartean Irubiden izango da festa goizean eta Ugaldetxon arratsaldez. Aurtengo pelota partiduetan herriko gazteak eta Erroizenea eta Argote ariko dira.
Egitaraua Ekainak 10, ostirala: 15:00, Txirrita eskolako festa; 20:00 Ozenki abesbatzaren kontzertua; 00:00 Preso iheslari eta deportatuei omenaldia; 00:30 Rock Kontzertua: Afonia, Kudai, The Solano’s Band. Ekainak 11, larunbata: 10:00 eta 17:00 Bola eta toka txapelketa; 17:00 Inaxitoren ametsak haurrentzako antzerkia; ondoren, haur jaialdia eta txokolatada; 00:00 Izotz eta Mal de Ojo taldeen kontzertua; ondoren DJ Bela. Ekainak 12, igandea: 08:30 diana; Trikitilariak; 11:30 Ttarla dantza taldea; 12:00 Sagardo probatzea; 18:30 Bertso saioa; 20:00 Kantaldia: Eperra (Dominika eta Niko Etxart & Robert Landaburu). EKAINAK 13, ASTELEHENA: 12:30 herri kirolak plazan; ondoren bertsolariak; 10:00 eta 17:00 bola txapelketa; 18:00 artzai txakur erakustaldia Fagollagan eta bertsolariak; 20:30 herri afaria; 22:00 Bertso Antzerkia. EKAINAK 14, ASTEARTEA: 11:30 bola eta toka; ondoren, bertsolariak; hamaiketakoa Irubidietan; 17:30 pilota partiduak Ugaldetxon eta bertsolariak; 19:00 Toka txapelketa; 20:00 Kupela taldearekin erromeria.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!