ANTTON Zabala, eskalatzaile hernaniarrak, Nafarroako Open Nazionalean aurreneko postua lortu zuen 18 urte azpikoetan. Txapelketa pasa den asteburuan jokatu zen Berriozarren eta Antton Zabalak erakutsi zuen ez duela areriorik bere kategorian.
Bi bide igo behar izan zituzten eskalatzaileek. Aurreneko bidea, semifinaletakoa, 6c+ zailtasunekoa zen eta Anttonek kateatu egin zuen. Finaleko bidea, 7b+-c zailtasunekoa, Antton Zabalak bakarrik kateatu zuen, txapela eskuratuz.
Nafarroako Open Nazionalean Euskal Herri zein Estatuko eskalatzaile onenetarikoek hartzen dute parte.
8a+aren bila
Zabalak adierazitakoaren arabera, egun hauetan Santa Barbaran ari da entrenatzen. Bertako bide zailena kateatzen saiatzen ari da: Lapikoarena izenekoa, 8a+ zailtasunekoa. Eskalatzaileak adierazitakoaren arabera asteazkenean ia-ia lortu zuen. Ekainean Espainiako Kopan egongo da.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!