‘Dezibelioen matxinada’ antolatu du asteburu honetarako Gazte Asanbladak

Kronika - Erredakzioa 2005ko mai. 27a, 03:00

HeRNANIKO Gazte Asanbladak musika jaialdia antolatu du asteburu honetarako. Kronikara bidalitako prentsa ohar batean Gazte Asanbladak azaldu duenez ´gure aisialdia guk geuk moldatzeko hautua egin dugu` eta horrekin lotuta dio Dezibelioen matxinada jaialdia urrats bat gehiago dela norabide horretan. Talde honek adierazi du badirela hilabete batzuk ´Hernaniko gazteok elkartzen hasi ginela, eta hilabete hauetan egindako lanak utzi ditu bidean fruitu batzuk eta etorkizunean ere izango dira gehiago`.
Musika ekimenak berrindartu Gazte Asanbladaren iritziz ´ez dira berriak musikaren inguruan antolatu izan diren ekimenak`, baina gaineratzen du ´zoritxarrez, azken urteetan indar asko galdu dute, ia desagertzeraino`. Horregatik beharrezkoa ikusi dute ekimen horiek berrindartzea eta berreskuratzea: ´gazteontzako musika geure denbora libreko elementu garrantzitsu izateaz gain, ideia eta sentimenduen hedapenerako bitarteko ere baita`. Jaialdian, horiei guztiei eman nahi izan die leku ´ilusioz eta indarrez`. Gazte Asanbladatik dei egin diete herriko gazteei, antolaturiko ekimenetan parte hartzera. Modu berean, eskerrak eman nahi izan dizkie asteburu honetan Tilosetan egingo den musika jaialdiaren antolaketan laguntza eman duten guztiei.
wKontzertuak Maiatzak 27, ostirala, arratsaldeko 20:30etatik aurrera Tilosetan: Afonia, Kalekumeak, Lakra Sozial, Suburbio eta Harrikada Maiatzak 28, larunbata, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Tilosetan: Zeck, Seneca, Potentor, Continuo Renacer eta Nopal
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!