Ostiralean eskuratu zuten liga, Hirukideren kontra irabazita. Datorren asteburuan Euskadiko Txapelketa jokatuko dute.
Langileko infantiletako taldea txapeldun geratu da boleiboleko Gipuzkoako ligan. Ostiralean 3 eta 2 irabazi zuen Tolosako Hirukide-Eskolapiori eta garaipen horrekin liga eskuratu zuten.
Alai Zubimendiren jokalariek ez zuten partidua ondo hasi eta Hirukidekoek lehenengo 2 jokoak egin zizkieten. Hernaniarrek etsi ez eta markagailua bina jarri zuten gero. Partidua azken jokoan erabaki zen 15 eta 11 Langileren alde. Larunbatean jokatu zuten ligako azken partidua eta 3-0 galdu zuten Santo Tomas Lizeoaren kontra, baina emaitza horrek ez zuen sailkapenean eraginik izan.
Lehengo urtean hasi
Infantiletako nesken taldea lehengo urtean hasi zen jokatzen eta hasieran emaitza kaxkarrak lortu bazituen ere, bukaeran gora egin zuen eta hondartzako txapelketa eskuratu zuen.
Aurten liga bestela joan da, hamazazpi partidu segidan irabazi dituzte hernaniarrek eta ligako azken partidua bakarrik galdu dute. Modu horretan, ligako txapeldun geratu dira.
Euskadiko txapelketa
Gipuzkoako txapeldun izan ondoren, Euskadiko txapelketa jokatuko dute Langileko jokalariek. Txapelketa datorren asteburuan izango da eta Araba eta Bizkaiko txapeldunak izango dituzte kontrario.
Gainera, talde honetako hiru jokalari (Maialen Estarloa, Olatz Aramendi eta Jaione Aranburu) Euskal Selekzioak deitu ditu, datorren uztailean Espainiako Txapelketa jokatzeko.
Elizatxoko alebinak
Elizatxoko boleiboleko nesken taldeak ere emaitza onak izan ditu alebin mailan. Final erdietako partidua galdu ondoren taldea hirugarren geratu da Gipuzkoako ligan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!