Arau Subsidiarioei buruzko eztabaida publikoaren beharra aldarrikatzen nuen azken idatzian, eta Arratibelek eztabaida publikoa orain egiten ari dela erantzuten du. Ez da egia. Orain, legeek aginduta, jendaurreko informazio epeak zabaldu dira, alegazioak egin daitezen, besterik ez. Oraingoz Hernanin Arau Subsidiarioei buruz ez dago inolako eztabaida publikorik.
Udalak Hernaniko etorkizuna marraztu duena: 3.751 etxebizitza berri, eta 10.000 biztanle gehiago, besterik ez dakigu. Arratibelek arrazonamendua ere aipatzen du bere idatzian, baina oraindik Udalak horrelako planaren arrazoiak ez ditu azaldu. Udalak atera duen aldizkarian Nolakoa nahi dugu Hernani? galdetzen du, baina dagoeneko Arauak eginak daude, eta bakarrik iritziak entzuteko prest azaltzen dira. Arratibelek ikuspuntu desberdinak daudela ere aipatzen du. Baina Udalak onartu duen etorkizuneko Hernanin espekulatzaileen ikuspuntuak (interesak) jaun eta jabe dira.
Eta azkenik, berriro, Hernaniko etorkizunari buruz eztabaida publikoaren beharra aldarrikatzen dut. Publikoa, dauden ikuspuntu desberdinak guztiok ezagutzeko eta denon artean etorkizuneko Hernanik nolakoa izan behar duen erabakitzeko.
Josu Arrieta.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!