Larunbateko festak txalapartari onentsuenak bildu zituen Elizatxon

Kronika - Erredakzioa 2005ko mai. 23a, 03:00

Eguraldiak ez zuen utzi jaialdi haundia Tilosetan izan zedin eta Elizatxo ikastolan egin ziren afaria eta txalaparta festa nagusia. Giro ona sortu zen, urteroko moduan.

Hemeretzigarren Txalaparta festak ere eman du berea, eta urteroko moduan jaialdi haundiarekin eman zioten errematea joan den larunbatean, Elizatxo ikastolan. Tilosetak badu xarma berezia, baina, eguraldiak ez zuen nahi izan bertan egiterik eta Elizatxon ere giro ona sortu zuten, arratsaldez erromerian eta gaueko kontzertuan, txalaparta zaleen ezinbesteko zita bihurtu den jaialdian. Emanaldi bereziak Kaskanteko txalaparta eta txotxongilo taldeak algara batean eduki zituen ikusleak, txotxongiloak txalaparta jotzen jarri zituztenean eta hortik aurrera giroak bere horretan segi zuen, bero. Zuaznabar eta Goikoetxeatarrak, Lapurdiko Lagunarte Elkarte-koak, Bizkaiko Zur’ta Harri taldekoak, Arabako Txalapunk taldekoak, Hondarribiko Tukutun taldekoak, eta nola ez, Hernaniko Ttakun Ttan Ttakun taldekoak osatu zuten jaialdia. Ote jotzeko moldean Hernaniko Ttakun Ttan Ttakun taldeko laukoteak emankizun berezia eskaini zuen: lau kideak ote jotzen aritu ziren, erritmoan, eta ´garai batean ote jotzeko erabiltzen zen` lau laguneko molde horretan jo zuten txalaparta ondorenean, egurra, harria eta burdinean. Hernaniko kideek jende aurrean azaldu zutenez ´batetik tradizioa` nabarmendu nahi izan dute emanaldi honetan eta ´bestetik berritasuna`, ote jotzeko molde hori txalapartan txertatuta. Honenbestez hogeigarren txalaparta festaren zain gelditu beharko dute zaleek. Antolatzaileek jakitera eman dute berezia izango dela hogeigarren hori, bestelako xehetasunik eman ez badute ere.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!