Joaterako pasa zen Iban Sarasola Kronikatik, Argentinako Patagoniara lanera zijoala eta. Bueltan bere esperientziaren berri kontatuko zigula hitz eman zigun eta otsaila ezkero Hernanin bada ere, orain azaldu digu Haurralde GKE (ONG)arekin egindako lana. Guztira lau hilabete eta erdi pasa ditu Argentinan eta denetariko esperientziak kontatzen baditu ere sentsazio ona eta ´bertako jendea` ekarri ditu bihotzean.
Informatika ikastaroak ematera
Helburu garbia eraman zuen Sarasolak Patagoniara ´informatika ikastaroak ematea Bolson herrian`. Joan aurretik interneten begiratzen hasi eta konturatu omen zen Bolson oso turistikoa zela eta harrituta deitu omen zuen berriz ere Haurraldera, berak han zer lan egin behar zuen galdetzera. Baina, oso egoera desberdinean bizi den jendea omen dago han ere: batetik diru dezente duen jendea eta Bolsonen bizi dena eta bestetik Mapucheak, oso egoera gogorrean bizi direnak. Horiei zuzenduko zizkien klaseak Sarasolak. Proiektu honek Hernaniko Udalaren laguntza izan du. Hemendik bidaliko zaien dirua ordenadoreak erosteko erabiliko da, Sarasolak jakitera eman digunez.
Horrelaxe abiatu zen 2004ko urrian Argentinara beste bi lagunekin, hasieran turismo pixka bat egin eta abendu hasieran Bolsonera joateko.
Bolsonetik Ñorquincora
Mendizalea izaki ´paradisiakoa` iruditzen zaio Bolson Sarasolari: ´Txiletik gertu dago Patagonian eta Andeak ikusten direla`. Garai batean hippien sehaska izan omen zen Bolson, lurra debalde eta etxeak egitea izugarri merkea baitzen eta lurralde zoragarria. Argentinarrez gain, alemaniar, poloniar eta leku askotako jendea bizi da Bolson-en. Sarasola Urkiolatarren etxera joan zen, aitona euskalduna zuten argentinarren etxera. Arazo bat sortu zitzaien ordea: udara izaki ume guztiak oporretan zeudela eta ez zuela informatika klaserik nori emanik. Urkiolatarrak eta herriko apaizarekin hitz egin ondoren Ñorquinco herrira joateko erabakia hartu zuten, 180 kilometrora.
Basamortu erdian
Ñorquincon Bolsonen baino egoera gogorragoa aurkitu zuen Sarasolak: ´1.000 biztanleko herria da, basamortu baten erdian, eta asfaltatu gabeko bidetatik joaten da bertara. Egoera gogorra da han, ez baitago ezer`. Hor hilabeteak eman zituen informatika klaseak, egunean 2 orduko 4 klase emanaz, astean zazpi egunetan. Zahar eta gazteei eman zizkien klaseak eta harrera oso ona izan zuten: ´nik informatika basikoa dakit, word-a, excel-a... baina, han gutxik dakite informatika eta gogo haundiz hartzen dituzte horrelako klaseak` esan digu. Herrian egin zioten harrera eta bertan pasatako hilabeteak ez ditu inoiz ahaztuko eta beti ´bihotzean` eramango dituela esan digu Sarasolak.
Hala ere, Argentinako herri txiki hauetan zenbait egoera oso gogorrak direla nabarmendu du Sarasolak. Bata emakumeek bizi duten egoera da: ´14-15 urterekin izaten dute lehen haurra emakumeek eta 20 urterako 3-4 seme alaba izaten dituzte askok. Matxismoa oso bortitza da eta emakumeak hutsaren pare tratatzen dituzte zenbait lekutan. Hala ere, zorionez aldatzen ari da hau pixkanaka` esaten du Sarasolak. Beste egoera gogorra politikoa dela esan dio Kronikari Argentinan ibilitako hernaniarrak: ´politikoki izugarri markatuta dago jendea: Peronistak edo Radikalak dira eta elkarrekin izugarri gaizki moldatzen dira. Jendeak orokorrean Medemekiko amorrua hartua du, Presidente izan zenean egindakoak medio, baina, datozen hauteskundeetan berriz aurkeztuko omen da eta jendeak bildurra dauka, aberatsenen eta pobreenen botuak lortu baititzake`.
Ñorquiñotik Rio Chicora
Hilabeteko klaseak eman ondoren Bolsonera bueltatu zela kontatu digu Sarasolak, egun batzuk bertan pasa eta bueltan etortzeko. Baina, estantzia luzatu egin zitzaion eta Rio Chicora 15 eguneko klaseak ematera joateko erabakia hartu zuen. Ñorquiñon baino egoera latzagoa bilatu zuen Rio Chicon Sarasolak: ´oraindik barrurago dago Rio Chico eta jendea itxia da han. Egoera gogorra bizi dute, udaran bero eta neguan hotz. Orain negua da han eta laster - 40 ºC-tara egongo dira. Ñorquiñon arrakasta haundia izan zuten ordenadore klaseek, baina, Rio Chicon 7-8 ikasle bakarrik izan nituen.`
Pertsona baten bila
Haurralde elkartea Argentinan informatika ikastaroak emango dituen pertsona baten bila dabil Sarasolak jakinarazi digunez. Interesatuak harremanetan jarri litezke Haurralderekin. y