Partidu hasieran Hernani aurreratu zen eta bukaeran berdindu zuten kanpokoek
Eneko Goiaren gol batek aurreratu zuen Hernani partidu hasieran, baina, hortik aurrera ez ziren gol gehiago egiteko gauza izan etxekoak. Hernanik Allerru menpean izan zuen partidurik gehienean, baina, lezotarrek erakutsi zuten bigarren zergatik gelditu diren beren taldean, eta hortzak estututa eutsi zioten markagailuari. Bigarren zatian 10 jokalarirekin gelditu zen Allerru, denbora gutxian izan zuen abantaila hori ordea Hernanik, bi espultsio izan baitzituen. Txuriberdeak 9 jokalarirekin zirela sartu zuten berdinketako gola lezotarrek, korner batean.
Buelta datorren igandean
Datorren igandean jokatuko dute bueltako partidua Lezon, 11:30etan. Ricardo Ramos Hernaniko lehendakaria baikor zegoen atzo, emaitza hernaniarrentzat onegia ez bada ere: ´biak berdin gaude orain, eta Hernanik ligan partidurik gehien etxetik kanpora irabazi duela kontuan hartuta, aukera asko ditugu` esan zuen.
Lezokoa zelai txikia da, eta zaleak zaratatsuak, non dauden antzemateko modukoak. Hernaniko jokalariek presio hori ahaztu eta beren jokoa egiten badute, aukera asko izango dituzte irabazteko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!