Etxeberri elkarteko haurren danborradak botako du txupinazoa aurtengo San Joanetan

Kronika - Erredakzioa 2005ko mai. 20a, 03:00

Hogeita bosgarren urteurrena bete du danborradak eta omendu egingo du Festa Batzordeak.

San Joanetako egitaraua onartu zuen atzo Gobernu Batzarrak eta Etxeberri elkarteko haurren danborrada izango da aurtengo omendua. Berak botako dute txupinazoa Udaletxeko balkoitik, hilaren 23an, eguerdiko 12:00etan. Hortik aurrera egitarau zabala izango da. Iaztik aldaketa haundirik ez dute aurtengo jaiek, batzuk bai ordea. Ekainaren 27ra arte izango dira San Joan jaiak, ostegunetik astelehenera. Aurtengoan izango den aldaketetako bat umeen festari dagokiona da: zezenak Latsunbe Berriko kirol pistan izango dira aurten eta barrakak jarriko dituzte azken urteetan zezenak izan diren toki berean, Urumea ikastolako aurrekaldean.

Preludioa, ekainaren 18an
San Joanak iragartzeko kontzertua ekainaren 18an egingo da, larunbatarekin, gaueko 22:30etan. Iazko kontzertua eguraldi txarrak bertan behera bota zuen eta ea aurten zorte hobea den eta bi urtetako parteak egiteko moduan diren. Preludio txikia, berriz, arratsaldetik eguerdira pasako dute. Larunbatean bertan izango da eguerdiko 13:00etan.

EGITARAUA GAIN GAINETIK
Ekainak 23: Etxeberri elkarteko haurren danborradak emango dio hasiera festei, 12:00etan, Udaletxeko balkoitik. San Joan erronda izango da arratsaldean, Kantuz eta Ozenki abesbatzen kontzertua Karkaban, Salbe Nagusia Parrokian eta San Joan Sua izango da 21:30etan. Laiotz taldearekin da dantzaldia eta 24:00etan Akelarrea, Plazan.
Ekainak 24: Txistulari eta Musika Banden kontzertuak, dantza suelto txapelketa, rock kontzertua, boxeoa eta talde latino eta bere-bereen kontzertua izango dira eta Larrain dantza Plaza Berrian.
Ekainak 25: Sokamuturra eta Azeri dantza izango dira, gaztetxoentzako parkea, herri bazkaria Plaza Berrian, Euskaraokea, mariatxiak, rock kontzertua eta Tapia eta Leturiarekin dantzaldia.
Ekainak 26: Sokamuturra eta azeri dantza, atleta osoaren proba eta palankari proba, zezenak, dantzaldia, bertso saioa, Patxi Perez eta bere taldea eta Incansables txaranga.
Ekainak 27: Sokamuturra, azeri dantza, herri kirolak, pelota partiduak, San Joan Konpartsa, Traketsekin dantzaldia eta bandera jaitsiera.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!