Orain arteko egitasmoa inori eman gabe uztea ere eztabaidatuko da. Proiektu berria eta obrak egiteko 2 milioi euro aurrikusten ditu Udalak. Plenoa gaur, 18:00etan da.
Plenoa dago gaur Udaletxean eta igerileku irekien egitasmoari buruzkoa da eztabaidatuko duten puntuetako bat. Lehiaketa deitua zuen udalak proiektua eta obrak egiteko, eta desertu uztea aztertuko da gaur. Horrekin batera proiektu berria egin eta obrak egiteko deialdi berria aztertuko da. Horretarako 2.000.000 euro aurrikusten ditu proposatzen den baldintza pleguak (lehengoak 1.200.000 euro aurrikusten zituen), eta %20 gehiagoko aurrekontua duten proiektuak onartzeko aukera jasotzen du.
Hiru eta hamabi hilabete
Proiektua idazteko 3 hilabete izango lirateke, eta obrak egiteko 12 hilabete, proposamena gaur aurrera ateratzen bada. Gehien baloratuko dena proiektua bera izango da, egokitasun arkitektonikoa eta konstrukzio kalitatea, baldintza pleguak jartzen duenez. Ondoren, ekonomia hartuko da kontutan eta eta hirugarrenik ejekutatzeko azkartasuna.
Latsunbe-Antziola artean
Bi leku daude aukeran igerileku irekiak egiteko, Latsunbe eta Antziola artean: Ave Maria Villa eta Mendi Mendianeko terrenoak. Igerileku bakarra joango da eta 1000 metro koadroko azalera izango du.
Terrazen ordenantza
Tabernetako terrazetan mahaiak jartzeko ordenantzari aldaketa batzuk egitea ere eztabaidatuko da gaurko plenoan. Aldaketetako batek dio Kaxkoan eta Tilosetan 2 metroko tartea utzi beharko dela mahaietatik fatxadara, 4 metro beharrean; beste aldaketak aurkeztu beharreko lizentzia eta dokumentuen ingurukoak dira.
Auzo elkarteei laguntzak
Herriko auzo elkarteei eman beharreko diru laguntzen ordenantza ere gaurko plenoak aztertuko du. Irabazirik gabeko auzo elkarteentzako dira diru laguntzak eta 16.838 euro banatuko dira 2005ean, oinarriak onartzen badira. Kopuruaren %70 auzo elkarte guztien artean banatuko da eta %30 egiten dituzten jardueren arabera. Auzo elkarteek legalki osatuak beharko dute izan diru laguntzak jaso ahal izateko eta Udal elkarteen erregistroan alta emanda egon beharko dute. Horrez gain, gutxienez 10 kidek osatua beharko du izan auzo elkarteak eta eskaera egin beharko da udaletxeko erregistroan ematen duten paperean. Arduradunaren NAN fotokopiarekin batean aurkeztu beharko dira besteak beste, urtean zehar egin diren eta egiteko asmoa dagoen ekitaldiak (kulturalak ez direnak) eta urteko batzarreko akta. Eskaerak egin behar dira, oinarriak Gipuzkoako boletinean ateratzen direnetik bi hilabeteren barruan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!