Hernaniko arau subsidiarioak. Eztabaida publikoaren beharra.

Kronika - Erredakzioa 2005eko maiatzaren 15a

Lehendabizi zenbait akats aipatu. 02 Planoan funtsezko akatsak daude: lur kalifikazioa ez dago zuzen, eta zenbait irla kalifikatu gabe azaltzen da. Biak legeen aurka, eta nahiz Udaleko zenbait arduradun jakinaren gainean egon konpondu gabe oraindik. Bigarren, Arauekin Udalak saltzen duen K.D.a gaztelera hutsez dago. Eta azkenik, Arau hauek Hernaniko etorkizuna baldintzako dutenak izanik, Hernaniko geroa nahiko iluna ikusten dut. Txikizioa izugarria izango da, eta eraiki daitekeen zentimetro guztietan etxeak egingo dira. Galarreta, Etxelarre eta Portuko inguruetan prestatzen ari dena izugarria da. Portukoa lotsagabea da. Autobiaren zubitik hasi eta trenbideraino etxeak eraiki nahi dira. Nekazaritza gune garrantzitsua izan arren, eta bertan uholdeak maiz gertatzen diren arren, berdin da, 900 etxe berri eraiki nahi dira. Hernanin 6.875 etxebizitza daude, horietatik 800 hutsik, eta Plan berriaren arabera beste 3751 etxebizitza berri eraiki nahi dira. Orain Hernanin ia hogei mila biztanle baldin baditu, aipatutako etxe bizitza guztiak egiten badira hogeita hamar mila biztanle izango ditu. Izugarria!!! Zergatik? Zertarako? Hernani herriaren eta hernaniarron beharrak hainbestekoak ez direla begi bistakoa da. Baita Plan honen atzean hernaniarron interesak ez daudela ere. Noren interesak daude orduan? Kontratistenak eta lur jabeenak nire ustez. Nolako Hernani nahi dugun da galdera, eta erantzuna guztiona, hernaniar guztiona, beharko luke izan. Horretarako eztabaida publikoaren beharra dago. Ezinbestekoa eta premiazkoa gainera. Bestela Hernaniko etorkizuna jauntxo batzuen esku geratuko da, eta hori, hogeita bat mendean ez luke normala izan behar.
Josu Arrieta
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!