Baserritarren Eguna da gaur, San Isidro. Baserriak asko dira Hernanin, baina, baserritik bizi den gero eta jende gutxiago dago. Behemendi elkarteak emandako datuen arabera 27 baserri dira Hernanin bertatik bizi direnak: hauetatik zortzi esne behietara dedikatzen dira; beste bi artzaiak dira; bederatzi baratzatik bizi dira; eta gainerako zortziek denetatik egiten dute: frutalak, basoa, behi eta ardiren batzuk, hegaztiak, baratza... Baserriak etxe bihurtu dira neurri haundi batean Hernanin, baina, nahiz eta etxetik kanpora lan egin, askok badu esplotazioren bat baserrian: baratza dela, ardiak direla, aziendaren bat, oilo eta oilaskoak eta abar.
Gutxiago eta haundiagoak
Behemenditik emandako datuen arabera gero eta baserri gutxiago dago Hernanin (bizibidea baserritik dutenak), baina, geratzen direnak gero eta haundiagoak dira. Gainera, ez dirudi honek bueltarik izango duenik denbora motzera, baserritik bizitzeko bidea hartzen duten gazteen kopurua oso urria baita Hernani inguruan. Bestalde, herriko terreno eta erribera onenetako asko urbanizatu egin dira edo urbanizatzeko zorian daude. Horrek terrenoen prezioa garestitu du nabarmen eta gaur egun terreno onak erosi eta errentagarritasuna ateratzea ez da xamurra. Hala ere, hau ez da Hernaniko egoera bakarrik, nahiko orokorra da, Gipuzkoan behintzat.
Ardi mozten hasiak dira Hernani eta
inguruko herrietan
Artzantza ere urritu den ofizioa da Hernanin eta bi bakarrik dira horretatik bizi direnak, Behemendik Kronikari emandako datuek diotenez. Hala ere, ardi batzuk baditu jendeak han eta hemen eta ardi mozten aritzen dira Patxi Apezetxea eta Antonio Apezetxea lehengusuak eta Julian Pagola. Garai honetan lan haundia izaten dute, beren hitzetan ´inork ez baititu lan hauek egin nahi izaten`. Urtean 1.000 arditik gora mozten dituzte, denak Hernani eta inguruetan: Hernani, Andoain, Sorabilla... Nahiz eta makinak badituzten goraizeekin mozten dituzte ardiak, lehengo modura, ´makina beti baita makina`. Argazkian Urnietako Elutxeta baserrian ageri dira ardi mozten. Laguntzaileak ere asko izan zituzten, ´batzuk lanian eta bestiak begira`.