MUSEOEN Nazioarteko Egunarekin hasiko du Chillida Leku museoak udaberri-udako egitaraua. Bihar goizeko 11:00etatik 14:00etara Museoa, kulturen arteko zubia ikuskizuna izango da eta testu irakurketa eta musika izango dira protagonista. Atzo egindako prentsaurrekoan azaldu zutenez Eduardo Chillidak kultura ezberdinen aurrean jarrera irekia izan zuen eta interes haundia azldu zuen mundua ikusteko era ezberdinen aurrean.
6 gunetan banatuta
Ikuskizun honetan bisitariak berak aukeratuko du nondik barrena ibili. 6 gune antolatu dituzte eta bakoitzean garai eta kultura ezberdinetako testu irakurketak eta musikaz gozatzeko aukera izango da:
-Sarreran: Jose Angel Valente galiziarraren, Bartzelonako Clara Janesen eta Kataluniako Joan Brossaren testuak errezitatuko dituzte. Idazle hauekin liburu ezberdinetan kolaboratu zuen Chillidak. Pello Ramirezek inprobisazioak egingo ditu biolontxeloarekin. Irakurketak egingo dituzte Teresa Calok eta Edi Naudok.
-Guillenen omenezko eskulturan: Jorge Guillenen testuen irakurketak eta Jose Gallardoren saxofoi inprobisazioak izango dira. Irakurketak Eduardo Gorriñok egingo ditu.
-Lotura izeneko eskulturan: Lizardiren testuak irakurriko ditu Jon Maiak.
-Balenciagaren omenezko eskulturan: Jacques Brelen musika eta testuak ekarriko dituzte gogora. Balenciaga, Chillida eta Brel artistak Parisen izan ziren eta orain bertako giroa ekarriko dute Hernanira. Kantari Ramon Agirre izango da eta pianoan Joserra Senperena.
-Lucca Paccioliren omenezko eskulturan: Omar Kayyan poeta arabiarraren testuak irakurriko ditu Paco Sagarzazuk. Carlos Fielen grabaketa bat ere entzun ahal izango da.
-Zen jardinean: Zen el arte del tiro con arco liburuko testuak irakurriko ditu Keiko Suzukik. Arku tiro erakusketaldia egingo dute eta Carlos Fielen Zen musika grabaketa entzun ahal izango da.
w Egitaraua
Maiatzak 21. Tamayo pintura lehiaketa.
Ekainak 21. Udako solstizioa.
Ekainak 26. Jazzaldia: Kenny Barronen emanaldia.
Uztailetik abuztura: musika eskolen emanaldiak izango dira, baita Musika Hamabostaldiko kontzertuak ere.